Ander Perez Argote
LARREPETIT

Agur

2022ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Badira irudi edo esaldi batean kateatuta gelditzen diren politikariak. Maite Esporrinek, Iruñeko PSNko buruak, ateraldi bilduma bat oparitu digu, eta, non hautatua izanagatik, lotua geratuko da betiko esaldi bakar batera: Agur, Asiron, agur!

2019ko hauteskunde gauean bota zuen, euforiko, emaitzek Asironek alkatetzan segitzeko aukerak zailtzen zituztela jakin zenean. Esporrinen oihuek, gustu txarraz gain, nabarmen utzi zuten maila politikoaren eskasia. Izan ere, bi aukera zeuden Navarra Sumari atea ixteko. Bata, PSNk bere botoak EH Bilduri ematea, alkatetza manten zezan. Bestea, Esporrinek jasotzea Asironenak, PSN izan zedin aginte makilaren jabe. Eta, bata zein besterako, ez zen burutsuena mikro parean botatakoa.

Gau horretako bideoan, emakume bat ageri da Esporrinen ezkerraldean, irri deserosoz txalotzen liderraren destainak. Elma Saiz da, asteon Iruñeko alkategai gisa aurkeztu duena PSNk. Esporrinek Maiari alkatetza eman eta gutxira egin zuen alde Nafarroako Gobernura, eta han aritu da, Ogasun kontseilari zein gobernuaren bozeramaile, pisu politikoa pilatzen. Hura izango da hautagai, eta agur Esporrin.

Modu ezberdinetara uler daiteke maniobra, eta aski izan dira pare bat egun teoria ezberdinak mamitzeko. Bata, Balduz operazioa-ren bertsio berritua izan daitekeela hau: 1979an, PSNk bigarren indarra izan zen HBri babesa emateari uko egin zion, kontrara, haren hautagai Julian Balduzentzat eskatuz —eta lortuz— HBren eta EAJren botoak. Beste teoria optimistagoa da abertzaleen interesetarako. EH Bildu eta PSNren arteko truke batean Txibiterentzat gobernua, Asironentzat udala-, errazago izan daitekeela operazioa Saiz egonda, Esporrin egonda baino.

Bitartean, Maiari ere agur esan dio Diario de Navarra-k, politika utziko duela argitaratuz, berak ezer esan aurretik. Martxa honetan, Maia eta Esporrin kanpoan, agurtzen zuten hura izan daiteke hurrengo hauteskundeetan dagoen bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.