Bazen behin haur bat, nagusi izan guran, jakin-minak jota, herriko jakintsuaren itzal bilakatu zena. Agureak egunero iparraldeko bidea egiten zuen. Etxeak atzean txiki utziz, behar besteko pausoak ematen zituen mendiaren magaleraino. Zabaleran bere tamaina hirukoizten zuen harri baten parean jartzen zen aldiro eta zizela mailuaz kolpatuz igarotzen zituen goizak. Haurrak agurearen ibilera bere eginda atzetik jarraitzen zuen errutina hartan, ostean enbor moztu batean esertzen zen, begiak zabal, kolpeei so. Egunak joan egunak etorri harria jakintsuaren eskuetan zelan argaltzen zihoan ikusi zuen gazteak, mutu, bertaratu ziren azken egunera arte. Susmoa lehenagotik ernaltzen ari zitzaion arren, agurearen azken kolpearekin batera ohartu zen harriak animalia forma zuela eta orduan, ahoa lehenengoz zabalduz itaundu zion: «Zelan zenekien harri handi horren azpian zaldi bat zegoela gorderik?»
Duela hamaika hilabete, galdera bera egin nahi izango nien asteartetik iganderako Larrepetitarrei. Pista bila, lerrook osatzeko sekretuaren xerka. Zizela zein puntutan jarri jakiteko. Baina, orduan kondairaren berri ez nuelako, agian jakinda ere egitera ausartuko ez nintzatekeelako edo besterik gabe neure buruari bere kabuz erantzuteko aukera eman nahi niolako ez dut misterioa argitzeko konponbide magikorik aurkitu. Astero hautatutako edo hautatu nauen harriaren pean gordea zegoen zaldiarekin topo egin ez dudan arren beti; ostegunero esnatu berritan orriotan idatzitako artikulua leitzean nire baitako haurrak ere neure buruari itaun bera galdetzen amaitu du. Behin egituratuta dagoena beti hor egon den sentipenaz. Baina harria masa abstraktua zenean formari zelan aurre egin ez jakitearen beldurrez. Eta joan den astean emandako azken kolpearen ostean ohartu nintzen mapa bezala zuek erabili zaituztedala. Inguruan izan zaituztedanak kartografiatzen ahalegindu naizela eta helduleku izan zaituztedala nitik idatziz zuek ulertu gura. Beraz, eskerrak ematea besterik ez zait geratzen.
LARREPETIT
Agur zaldia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu