Afrika!» egin diote oihu vaporettotik Veneziako Ubide Nagusian Pateh Sabally-ri, ur hotzetan itotzen ari bada ere gorra ez delakoan: «Afrika!», «itzul hadi heure herrira!». Jaurti diote tuntuixa, ez turistek, marinelek baizik, baina eusten ez uztai salbatzaileari gizonak. «Ergela da! Ito egin nahi du!». Handik labur ur hondotik atera dutenean eman dira jakitera datuak: Gambiakoa zen sortzez Sabally. Duela bi urte heldua zen Europara eta Milanen bizi zen. Poliziak bere burua bota duen susmoa du.
Horra inork uretara jauzi ez egin izana zuritzeko behar zena: «ezin liteke ezer egin suizidatu egin nahi duen batekin». Horrelako deiadarrak, bestalde, geure-geureak dira. Zer jatorragorik futbol zelaietan auskalo nondik etorritako txankamehe tximaluze haiei gangarra txikitu arteko «¡indios fuera!» zintzo haiek baino. Berrikiago, «¡a tu pueblo!» egin zioten oihu Azkoitiko alkateari zabor bilketa sistema berriaren batzar informatibo batean ez zela sortzez herritarra gogorarazteko. Inori ezer txarrik opatzeke, zer du gaiztotik bakoitzak bere herrikoa lehenestea?
Beste guztia, oso da konplikatua. Afrika beltzean oraindik jarrera basak dituztela, neuk ikusia da France2-ko albistegian: «Je veux manger un Français!» zioen orro batean aurpegia zuriz margotua zuen manifestari batek Boli Kostako liskarretan 2004an. Bai, egia da egun horietan frantses armadak esku hutsik zeuden hogeitaka lagun hil zituela eman zuela jakitera Le Courrier d'Abidjan egunkariak. Albisteari laguntzen, argazki bat: bi gorpu bide bazterrean, tankeen kontrako 12,7 kalibreko proiektilek burua zartatua biei. Baina ezin eskatuko zaio jendeari Afrikako prentsa irakurtzeko. Nahikoa dugu bertakoa ulertzen.
Gainera, zer nahi dugu ba? Oporraldi lasai bat, ezustekorik gabeko osteratxoa Veneziako Ubide Handian. Merezi dugu hori eta gehiago urte guztian lana beltz egin eta gero.
LARREPETIT
Afrika!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu