Etxekoek aditzak jokatzen abila naizela esan ohi didate. Zehazki, lehen pertsona esaldian noiz txertatu eta noiz ez erabili erabakitzeko orduan. Egoeraren arabera. Adibidez, «jogurtak erosi behar dira» ondorioztatzean ez naiz ausartzen gauzatu beharreko ekintza horren ardura nori dagokion zehaztera, badaezpada. Ordea, ez zait gauza bera gertatzen«erratza pasatu dut» baieztatzean. Esan nezakeen «erratza pasatuta dago», finean emaitza bera litzatekeelako. Baina kasu horretan ez zait egiletza aitortzea kostatzen. Hara, bota dut!
Jokoa ematen duen beste hitz bat berbera da. Izatez, gauza bakarrari erreferentzia egiteko balio duen arren, kokotsean irteten zaidan eta etengabe pintzak eskuan borrokarako prest erne naukan ile hori beti berbera dela diot. Izatez, molekula desberdinez osatutako biloa den arren. Antzera aritzen naiz ametsekin. Estresak izara tartera dakarkidan lokamutsa berbera izan ohi da nire aburuz. Gertatutakoa zehatz-mehatz oroitu ere ezin dudan arren, materia fisikoz eginda ez badago ere, beti iruditzen zait berbera.
Baina azkenaldian bi aditz zaizkit bereziki jostagarri. Behin lekuz kanpo erabili ondoren, emaitzak igarrita, adikzioa sortzen duten horietakoak. Oharkabean jada erabili dut bietariko bat testu honetan goratxoago, seguru. Lehenengoa behar da, behar baino dezente gehiagotan erabiltzera ohitu naizena. Hil ala biziko kontutzat hartuta, behar ditudala esan dudan gauza guztiak benetan beharko banitu, akabo! Ezin da bigarrena, aitzakiei sinesgarritasuna gehitzen aditua. Erakarri ez nauten planetatik hainbatetan askatu nauena. Bata zein bestea, behar zein ezin, nahi lotsatiaren inbaditzaile.
Baina tira, tentazioa izan dudan arren, behingoagatik, irakurri berri duzuna idaztean ez dut autoretza ezkutatzeko edo kamuflatzeko ahaleginik egin; beste batzuetan lehenengo pertsonari plurala gehituz egin ohi dudan legez.
LARREPETIT
Aditzak jokatzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu