Geure burua engainatzeko lelorik onartuenetakoa da irakurtzeak pertsona hobeak egiten gaituela. Ez dago ganbela asko nekatu beharrik jakiteko badela jende zoragarririk inoiz libururik hartzen ez dutenen artean eta, aldez beste, hamaika gaizto amorratu eta psikopata sozial izan dela liburuzale handi. Baina ez dezagun auzia bere onetik atera: irakurtzeak ez gaitu okerragoak egiten.
Mikita Brottmanek sendo ekin zion Irakurtzearen kontra saiakerari. «Irakurtzeak eta masturbazioak», dio Brottmanek, «antzekotasun handiak dituzte. Biak egiten ditugu pribatuan eta bakarka, sarritan ohean eta lotaratu aurretik». Ertz guztiak barkatuta, zilegi bekio ironia. Biek dakarten plazeraren garrantziaz ohartu nahi du Brottmanek azken beltzean eta, plazerak plazerari dei eginik, adikzioa eragiten duela nabarmendu.
Eta adikzioa berez denez beregain baina lotzaile, ez dakit ez den alferrikakoa abantailak azaltzea. Saia gaitezen hala ere: irakurtzeak balio du, zientziak dioenez, burua ez gogortzeko. Balio du ulermena hobetzeko, jakin-mina areagotzeko, kontzentrazioa sendotzeko, sormena bultzatzeko eta denbora pasatzeko. Eta literatura bada tarteko, balio du bestela biziko ez genituzkeenak bizitzeko. Edo areago, inolaz ere egingo ez genituzkeen gauzak egiteko, inoiz izango ez garena izateko, galdera inposibleak obratzeko, maite dugun jendea gorrotatzeko eta gorroto duguna maitatzeko.
Literaturarekin, elkarbizitzaren margenetan gabiltza maiz: gizalegea urratzen dugu, aizu zaigu politikoki zuzena ez izatea. Konparazioarekin Brottmanek iji eta aja adierazi nahi zuen hori guztia. Eta esan gabe doa, ezinago polito eta eder.