Gehiegi esatea litzateke maleta egiten ari naizela. Maleta azken unean egin ohi dutenetakoa naiz, ez bezperan dena prest daukatenetakoa. Horrela sarri ahazten ditut gauza txiki garrantzizkoak, hala nola azkazalak moztekoa, baina ez naiz Igurtzi al-Khali basamortura joango —hori bai izena euskaldunarentzat!—, Alacantera baino (trenez, militanteki).
Han uste nuen iberiarrak bilatu behar nituela, baina zehazki kontestaniarrak aurkituko ditut, Erromak konkistatu baino lehen feniziar, greziar eta tartesiarrekin izandako ukipen sendoaren eraginez halako kultura material jaso eta aberats bat garatu zutenak iberiar munduaren barnean, zeinaren adibide ospetsuena han ikusterik izango ez dudan Elxeko Dama baita (snif).
Aldiz, uste dut La Serreta I izeneko berunezko xafla ikus nezakeela Alkoiko museoan: ez da gauza bera, baina badu bere xarma. Haren B aldeak hauxe dio: iunstir : śalirg : baśiŕtiŕ : sabaŕi / dar : birinaŕ : guŕś : boiśtingiśdid / seśgeŕśduŕan : sesdiŕgadedin / seŕaikala : naltinge : bidudedin : ildu / niŕaenai : bekoŕ : sebagediŕan.
Zerraikala ederra ekarriko nuke etxerako, K.a. III. mendean beste itxura bat (*edaradin?) zeukakeen euskarazko jarrai-ren adizki jokatu ezinezkoa, baita ildu eta bekor ere, zergatik eta hargatik, baina gainerakoan... śalir hitza maiz ageri omen da zilarrezko txanponetan (zilar eta zalir-ekin alferrik jolastuko gara), iunstir ere testuen hasieran (Junts ez bada, ez dakarkit ezer gogora), eta ezer gutxi gehiago. Betiko leloa: zailegia da (ez bakarrik Irulegi, ez bakarrik euskalariontzat).
Enpin. Alcoi agian, baina La Illeta dels Banyets aztarnategia «jausiko» da, ziur, baita Alacanteko museo arkeologikoa ere. Bueltan ikusiko gara.