Azken astean barnean zeneraman sentsazio bat bildu du ezin hobeto Iñigo Satrustegik, Lorategiak eta lorezainakzaintzeaz izenburuarekin Argia-n idatzitako kronikan. Bilboko Loraldia festibalak Iruñean hartu zuen lur pasa den astean, Iruñaldia azpimarkarekin, eta tokiko erakundeen babes zabal eta proiekzio mediatiko handiarekin. Arrakasta ere pareko joan da, eta poztekoa egin zaizu hori, euskara hutsezko kultur produkzioari eskainitako festibala izaki. Baina piztu ere piztu zaizu alarmaren bat, ikusita nola lepo bete diren hainbat areto eta ekitaldi, halako marka eta zelofanean bilduta joango ez balira, ziurrenik —eta oxala ekibokatuko bazina— nekez beteko liratekeenak.
Azkenaldian gehiegi programatzen ote den, susmo hori dabil euskarazko kulturgile eta kulturazaleen artean hiri buruzagian. Edo ba ote den aski hartzaile, beste hitz batzuetan esanda, hainbeste eskaintzarako. Iruñaldiak baietz erakutsi du, jendea egon badagoela, eta, izatekotan, egunero euskarazko kultur emanaldiak antolatzen dabiltzanek publiko orokorrarengana iristeko duten zailtasuna jarri du agerian. Edota —hori ere izan daiteke— iritsita ere, jendeak, oro har, ekitaldi handiei ematen dien garrantzia, baliabide gutxiagorekin eta hainbeste ponparik gabe antolatzen direnen kaltetan.
Txikitasunaren neurrira eginda bezala dirudigu, eta tarteka, balirudike guk geuk irentsi dugula beste batzuek hainbestetan maneiatutako errealitate soziolinguistikoaren falazia. Hainbesteraino, ezen non eta hiri batean, aski hartzaile ote den galdetzera iritsi garen.
Horregatik, ehunekoena baino gehiago, zenbaki absolutuen zale izan ohi zara zu horrelakoetan. Bide mental berriak zabaltzen ditu absolutuki pentsatzeak. Egin aproba: Iruñean populazioaren %24,6 bakarrik euskalduna dela esaten dizutenean, erantzun ezazu 50.000 lagun direla hori. Pentsa orain zenbat gauza egin daitezkeen 50.000 lagunentzat. Edo 50.000 lagunekin.