PPk eragindako murrizketa orokorren sortari Gallardonek abortatzeko eskubideari egingo dizkion murrizketak batu beharko dizkiogu. Kasu honetan, ez dago justifikazio ekonomikorik. Ez dute horren beharrik. Horregatik, oraingoan fatxa aurpegia ondo erakutsi digute.
PPk babesten duen ekonomia neoliberalak familia nuklearraren beharra du. Gizartearen oinarria da. Familia, espazio pribatuan txertatzen den zelula horrek gure gizartea aurrera ateratzen du, gizaki-espeziea birsortu, zaindu eta elikatzen du. Horren ardura guztia, orokorrean, emakumeari atxikitzen zaio. Ez dira harritzekoak Andaluziako PPtik iritsi zitzaizkigun adierazpenak. Horien arabera, emakumeak etxea berraurkitu egin behar du, ez dago hori baino lan naturalagorik. Emakumeak esklabuoapalak izateak izugarrizko onurak ematen dizkio merkatu neoliberalari, izugarrizko lan pila doan lortzen duelako.
Abortuaren kontrako defendatzaile sutsuei, ustez bizitza babestu nahi duten talibanhoriei, ez zaie emakumeen bizitza axola. Haurdunaldia da emakumeek gehien diskriminatzen dituen kausa. Emakume askok haurdun egoteagatik lana galtzen dute. Gainera, egungo murrizketek emakumeen eta gure umeen bizitza ziurtatzeko baliabideek zalantzan jartzen dituzte. Ez dute bizitza babestu nahi, emakumeen gorputza kontrolatu nahi dute. Lege horrek abortu ilegalak sustatuko ditu, emakumeen bizitza arriskuan jarriko du. Asko sentitzen dut, umea emakumearen gorputzean dagoen bitartean, subjektu politikoa — eta, hortaz, erabakitzeko eskubide osoa duena— emakumea da. Umeki horiek emakumeen gorputzekiko erabat dependenteak diren bitartean, horrela izan beharko du. Abortuen kopurua murrizten duena ongizate sendo bat da. Emakumeok denbora asko daramagu bizitza aurrera ateratzen, eta, normalean, abortatzen duten emakumeak ez dute gustura egiten, emakumezkoak ez gara hiltzaileak. Hiltzaileek isilean eta lege frankisten bitartez egiten dute bere lana.
Larrepetit
Abortua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu