maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Abolitu

2019ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Ia pasatzen naizen aldiro ikusten ditut; ez du anitz inporta zein den ordua. Arratsaldez gurutzatu naiz gaur haiekin, 18:00 aldera edo: ni autoan eta haiek Biriatuko ordainlekura doan autopista zatiaren zubi azpian, gorputzak biribilgunerantz so. Bi zeuden, edo bi ikusi ditut. Liburu bat irakurtzen ari zen bat zubipea malda-pareta bilakatzen den hormigoiaren gainean jarria. Bertzea ez dakit zertan ari zen xuxen; zutik, agian telefonoarekin, ala bertzerik gabe zain. Ilehoriak ziren biak, ni bezala. Edo ni bezala gezurrezko ilehoriak ziren agian, ez dut sekula jakinen.

Gauez ere gurutzatu izan ditut, baita goizez ere, nik ere edozein mementotan egiten baitut autoz Nafarroatik Gipuzkoara edo Lapurdira edo handik buelta, ez du anitz inporta zein den ordua; eta hantxe egoten dira, guk «putetxekoa» deitzen diogun biribilgunean izan zitekeen IATarena edo Guardia Zibilaren kontrolarena, horiek ere han baitaude beti, ez du anitz inporta zein den ordua. Eta ia pasatzen naizen aldiro ikusten ditut, baina ez naiz sekula hurbildu haiengana, ez ditut agurtzen ere buruarekin; aitzina begira segitzen dut normalean, ez dezaten pentsa (gaizki) begiratzen diedanik.

Euskal Herriko Mugimendu Abolizionista aurkeztu duten egunean ere ikusi egin ditut, eta pentsatu dut, noski, nik ere nahiko nukeela prostituziorik ez existitzea. Nahiko nukeen bezala soldatapeko esklabotzarik ez egotea, herrialde batzuek bertzeak ez zapaltzea, eraso sexistarik ez jasan behar izatea herri guzietako bestetan, ez egotea aitortu gabeko zaintza lanik etxeetan, ez itotzea dozenaka pertsona itsasoan, eta abar luze bat. Nik ere uste dut, noski, patriarkatuaren eta kapitalismoaren produktu direla horiek guziak. Eta horiek direla, finean, eta, beraz, abolitu beharrekoak. Kontua da zer nahi dugun guziek dugula guti goitibeheiti argi; baina zailena da asmatzea nola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.