Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Abizenak

2022ko irailaren 27a
00:00
Entzun

Ume garaian barregarriak egiten zitzaizkidan abizen batzuk, eta helduaroan ulertzen ez dudan umorera lotzen dut Mogollón edota Guzurtegi moduko abizenekin gertatzen zitzaidana. Umezaroan hitzekin jolasten ari garenean, berbok esangura hartzen dutenean, irrigarriak izan litezke. Haur garenean barregarriak diren gauzak, ordea, normalean, urteak betetzearekin pasatzen dira. Ez beti, baina. Gau-giroetan sortzen dira solas bitxiak, eta horietako batean entzun nuen, iheska, esaldi bat. «Gainera Meloni abizena dauka; kar, kar, kar». Zein barregarri post-faxista den alderdi bateko kidearen abizenari trufa egitea. The Guardian egunkarian Roberto Saviano kazetari italiarrak idatzi zuen artikulua, eta ihesean bizi den kazetariak gogoratu zuen 2019ko hitzaldi batean Melonik bihurgune barik esan zuena: «Jainkoa, aberria eta familia defendatuko ditugu». Noski, bere jainkoaz, aberriaz eta familiaz duen ideiaz ziharduen. Savianok eskuma muturraren gorakada bestelako alternatibarik eraikitzeko gai ez diren politikariei egotzi die. Hots, ez dela nahikoa neuri botorik eman ezean otsoa etorriko dela esatea. Asa Larsson idazleak elkarrizketa batean aitortu du egunotan Suediako eskuma muturraren igoerak shock egoeran utzi duela.

Agian arazoa da historia ahaztu egiten dela, eta Italiako (eta Europako beste zenbait tokitako) boto-emaile askok ez dakitela nortzuk ziren eta zer egin zuten: Mussolinik, Francok, Hitlerrek... Agian... ondoegi bizi izan garela oro har?

Ni, gainbehera politiko honetan, gauza askok larritzen naute. Baita eskuma muturreko aurpegi modernoak emakume aurpegia izateak ere. Marine Le Pen, Giorgia Meloni, Pia Kjaersgaard... Bai, badakit emakumeok ere izan gaitezkeela arrazista, homofobo... eta ondo eraikitako estrategiaren zati dela emakumeak argazkietara eramatea. Baina, zer nahi duzu esatea, bereziki gogorra egiten zait.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.