Ander Perez Argote

E o a, e e o a

2025eko urtarrilaren 10a
05:00
Entzun

Egon gabe, ia egon bazina bezala sentitu zara zu ere Zetak-en pasa den asteburuko kontzertuen ostean. Batzuen eta besteen txioz, zuzeneko emankizunari harrapatu zenizkion azken minutuez, albistegietako kortez eta egondakoekin izandako solasaldi puskez osatu duzu, halabeharrez, zure esperientzia propioa, kasik zu ere Nafarroa Arenan e o a, e e o a saltoka ibili zinela sentitzeraino.

Jendearen poza ikusita, moderatzen joan zara hasieran mezu euforikoegiek piztutako errezeloa: epika kontrolgabeak mesfidantza eragin dizu sarri. Baina, elkarren igurtzian, mahai osteko elkarrizketetan, orekara hurbiltzen sumatu dituzu barruan nahasi zetozen urak. Eta, hala, zuretzat inauteriaren erabilera (komertzial) zena gure kultur ondarearen aitortza gisa ikusi duzu besteengan. Komunitate-elementu batzuen espektakularizazioa zitzaizuna pantaila eta irudien garai honetarako transmisio bide ia ezinbestekotzat azaldu dizute beste batzuek. Eta, adierazpen batzuei hartutako esentzialismo kutsuan, identitatearen eraikuntzarako ariketa ikusi dute beste batzuek, euskararentzako hauspo, eta Nafarroaren erdiratze.

Eta, ados jartzerik lortuko ote dugun jakin gabe, behintzat euskal eskalaren neurrira egindako eztabaida ikusi nahi izan duzu mahai gainean; kanpora joan behar izan gabe, hego zein ipar erreferente bila aritu behar izan gabe, euskaraz eta Euskal Herriko markoan joan da debatea. Eta ez ote den hori berez albisterik onena.

Durangoko Azokaren bueltako Badabil podcastean Iratxe Retolazak esandakoak gogoratu dituzu orduan: «Ederrena litzateke Euskal Herrian bertan egotea euskal kulturaren transmisio bide ugari, elkarren artean ere tentsioan daudenak, egon daitezkeelako ikuspegi ezberdinak. Nik sumatzen dudana da tentsio hori ez dagoela, eta orduan ez dago kultur eztabaidarik, eta hori da kultur bizi baten seinale». Eta zuk, agian zuzen agian oker, Iratxek desiratutakoaren moduko zeozer ikusi duzu azken asteko olatu honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.