Blanca Urgell
LARREPETIT

A relaxing glass of ardo gorria

2020ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Ardoa edatekotan, eskuarki beltza edaten dut, baina ez diot muzin egiten ez zuriari, ez gorriari ere aukera datorrenean. Hiru ardo kolore bereizten ditugu guk, baina ez Neolitotik. Aspaldi ikasi nuen Ardo gorri nafarra, ardorik hoberena kantatzean ez dugula «gure» ardo gorria goraipatzen. Adibidez, Añibarrok XIX. mendearen hasieran oraindik ardo gorria jaso zuen hiztegiko vino tinto sarreran. Arno xuria eta arno gorria baino ez zituen bereizi Martin Landerretxe sarasketarrak Azkueren hiztegiari egin zizkion oharretan. Honelaxe darabilte Lauaxetak eta Orixek ere, besteak beste, agian garai hartan euskara jatorragoan idazteko zabaldu ziren kontsignengatik, ordea.

Beraz, euskarazko wikipediak ardo gorria ardo beltz mota bat dela, kolorez argiagoa, badio ere, historiak dio alderantziz dela: ardo beltza ardo gorriaren mota berezi bat da, ilunagoa. Ziurrenik bikoitza zena gaztelaniaren eraginez hirukoiztu dugu, frantsesagatik balitz ardo arrosa esango baikenuke. Nola erran Iparraldeko hiztegiak ere argi uzten du rosé adierazteko «ardo gorria» lagunartean ez dutela erabiltzen, Hegoaldeari jarraikiz «erabilera tekniko eta zainduetan bereziki» bakarrik baizik.

Munduan barrena ere ardo beltzari «gorria» deitzen zaio, ingelesezko red wine ezagunagotik hasita. Irlanderaz ere fíon dearg deritza, aitzin-zeltazko *dergos 'red, crimson' formatik (Wictionary). Munduaren beste bazter batera joanda, japonieraz ere akawain no gurasu eskatu behar genuke, aka 'gorria' eta wain 'ardoa' hitzetatik. Ausardia pitin batez esango dut wain hori ere ez bide dela Neolitotik heldu diren hitzetakoa, ezta?

Hala bada, datorkigun ikasturte (inprobisatu? ezin aspertuzko?) honen izenean zuekin topa egiteko kopa bat ardo gorri eskatuko dut, relaxing-relaxing topera, eta zuek nahi duzuena zerbitzatu: iluna ala argia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.