Apunta ezazu izen hau: Joël Le Schournec. Ezertan jarraitu aurretik, hala ere, digestioa egin ostean ekin iezaiozu irakurketari. Vannes (Bretainia) ingurukoa da JLS. 73 urte ditu eta zirujaua zen (eta kabroi higuingarria). 2020an lagun batzuen alaba bortxatzeagatik hamabost urteko espetxe zigorra jaso zuen. Bortxaketa hori ikertzen ari zirela, baina, beste zerbait aurkitu zuten: 1989 eta 2014 bitartean bere kontsultatik pasatutako 158 mutikoren eta 141 neskatilaren aurka egindako sexu gehiegikerien zirriborro zehatzak. Koadernoan apuntatzen zituen: gaztetxoen eta gurasoen izen-abizenak, helbideak, egin zituen erasoak, sentitu zuena… 299 neskato eta mutiko hauen adina, batez bestean, 11 urtekoa zen. 10 + 1. Anestesiapean zeudela egiten zizkien barrabaskeriak, Dominique Pèlicot-ek bezala, eta oso jainko sentituko zen, ziurrenen. Biktimek ez dute ezer gogoratzen, baina, antza denez, ondorio post-traumatikoak badituzte, izan. «Ene gorputzak oroitzen du», dio biktimetako batek. Datorren urtean epaituko dute, Vannes-en.
Zer gertatzen zaizue? Non zaudete? Zenbat amorru dago zuen baitan? Zenbat kilometro ditu zuen deslekuak? Zergatik ezin diezue zuen pultsio beroei eutsi? Noiz arte? Zenbat isiltasun gehiago sartzen da zuen gorputzetan? Dominique Pèlicot-ek epaiketan zioen hamarretik zazpik baietz esan zutela. Zazpik, baietz, eta hiru, isilik; zenbat dira horiek? Zer egin behar dugu guk? Arrakalarik izango ote da zuen gu horretan beste gu batzuk sortzea ahalbidetzeko? Zer egin dezakegu gure minarekin, herrarekin eta sumindurarekin? Nik, daitort, ez dakit zer egin amorru honekin, zelan bideratu, nora eraman.