28 segundo baino ez dirau berde semaforoak oinezkoentzat. Makuludun emakumea astiro doa. Hogeita zortzi segundo baino gehiago behar ditu kalea zeharkatzeko. Erdian dagoela, anbar kolorea hartu du semaforoak. Emakumeak estropezu egin du, eta horrek gehiago mantsotu du bere ibilia. Autobus gidaria zain dago patxadatsu, baina alboko autoko gidariak premia larria ei du. Lekutik mugitu gabe azeleragailua zapaldu du burrunba izugarria sortuz. Emakumea metro apurrak bizkorrago egiten ahalegindu da, baina ezin. Orduan hasi da saltsa. Autoko gidari urduriak garrasi egin dio emakumeari. Autobuseko txoferrak eta taxi gidariak errieta egin diote. Errespetua eskatu diote eta pazientzia izateko. «Pazientzia, tu puta madre» (sic). Taxi, bus txofer eta auto gidari urduriaren artean eztabaida bizia piztu da semaforoak oinezkoentzat gorri jarraitzen duen bitartean. Atzeko autoen klaxonak entzuten hasi dira. Eztabaidak segitzen du, eta nik taxi barruan pentsatu dut urte batzuk barru ni izan nintekeela makuludun emakume hori.
Hiria ez dago zaharrentzat egina. Osasunaren Munduko Erakundea, OME, aspaldi jabetu zen, eta hirugarren adineko gizon-emakumeentzat egokitutako hirien munduko sarea sortua du. XXI.mendeko hirietako biztanleak gero eta nagusiagoak dira, eta gero eta urte gehiago bizi dira. Baina hiriak ez dira egokitu, eta oraindik Usain Bolt-ez betetako hiriak dituzte buruan hiri-diseinatzaileek. 2004ko Stockholm-eko Adierazpenak ere oinarriak ezarri zituen: diseinu unibertsalak pertsona orok gizartean parte hartzeko aukera berdintasuna izan zezan izan behar du xede. Hori lortzeko, eguneroko objektuek, zerbitzuek eta abarrek ahalbidetu behar dute hori. Semaforoa autoentzat gorri jarri orduko, ziztu bizian irten da eztabaidatik ihesean autoa. Bus txoferrak eta taxiak garrasi egin diote klaxonen sinfonia artean. Beharbada Bilbok XX.mendeko hiria izaten jarraitzen du.
LARREPETIT
28 segundo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu