Lehengoan lagun batek kox-kox egin zuen etxeko atarian. Esku bete zetorren. Bigarren eskuko liburu-dendan kuxkuxeatzen egon zen eta, zer topatu, eta nire liburu bat aurkitu zuen. Bi eurotan. Erosi eta oparitan ekarri zidan: Korte bat, mesedez liburua zen.
Etxetik alde egin zuenean liburua berrirakurtzen hasi nintzen. Datorren urtean 25 urte izango dira Alberdaniak kaleratu zuela. Mende laurdena. Euskarazko irrati batean lan egiten zuen kazetari batek, sororik soro, ahozko adierazpen edo korteak bilatu behar zituen. Batzuetan antzua izan ohi zen bilaketa, besteetan, berriz, zaku bete itzultzen zen; beti, baina, gazi-gozotan. Kontakizunetan zenbait desfase dago hogeita bost urte ez direlako aise pasatu. Orduan, oraindik, pezetatan bizi zen kazetari hura. Kazetaritzari dagokionez, ostera, zenbat aldatu da? Egun euskaldun gehiago daude, hori nabarmena da. Euskahalduntzeak eman dira zenbaitetan, baina esango nuke besteetan, antzeratsu gabiltzala. Urteotan lankideek jasandako hamaikatxo anekdota ekarri dute. «Urak bere bidean», esan didate maiz amorruaren amorruz. Aukerak zabaldu dira euskarazko kazetaritza egiteko, eta horretan buru-belarri dabiltzan hedabideak gehiago dira. Euskarak, beste edozein hizkuntzak bezala, hiztun onak behar ditu adierazpenak hartzeko, baina hortik gora edozein gai jorra daitekeela erakutsi da. Hala ere, aspaldi utzi nuen kalea. Oraindik geratzen da euskara bigarren mailako hizkuntza dela uste duenik? Dagoeneko bada inor euskara lehenesten duenik? Euskaraz lan egiten duten lankideek zenbatetan itxaron behar dute prentsaurreko amaierara norbaitek hitz egin diezaien? Hogeita bost urte nahikoak dira, ala oraindik ez da nahikoa?