Hedoi Etxarte

1934ko iraultza

2024ko urriaren 19a
05:00
Entzun

Azken bi mendeotan Euskal Herrian (Iparraldean barne) langile klaseak izan duen gertakizun nabarmenena izan zen 1934ko urriko iraultza. Eztabaidagarria izan daiteke —eta hala dihardute historialariek ere— zer den iraultza bat eta zenbaterainokoa eta non izan zen orduko hura matxinada soil bat, greba bat, mobilizazio bat, insurrekzio bat. Eztabaida ezina dena da Hegoalde osoan gertakizunek izan zuten intentsitatea, iraupena, anbizioa eta orbana. Bizkaian hamabi egunez Bilboaldetik Meatzaldera, Ezkerraldetik Durangora, Bermeotik Getxora, Gernikatik Ortuellara. Gipuzkoan Donostialdetik Debagoienera, Hernanitik Zumarragara, Oarsoaldetik Zumaiara, Tolosaldetik Irunera, Oriotik Elgoibarrera, Oriotik Legazpira. Nafarroan udan nekazariak altxatu ziren eta, beraz, mobilizatzeko gaitasunaren alde oso bat jokoz kanpo zeuden eremu asko eta, halere, inoiz ez bezalako mobilizazioak izan ziren Iruñerrian, Sakanan, Tafallan eta Azkoienen, Tuteran eta Cortesen. Antzera Araban ere: Gasteiztik Laudio eta Amurriora —kontuan izanda 1933rako iraultza egiten ahalegindu zirela Bastidan—. Iraultzaren ostean sei hilabetez gerra-egoera ezarri zuen Errepublikako gobernuak, dozenaka iraultzaile hil zituzten, torturatu eta zigortu.

Arrazoi asko daude, ia guztiek iraultzaren porrotarekin dute harremana (errepresioa oso kontu eraginkorra da). Eta porrot horren barruan aipatu behar dira orduan iraultzan izan ziren erakunde garrantzitsuen izenetako batzuk, gaur egunera iritsi badira ere, inola ez direla iraultzaren koordenadetan egon 1970etatik aurrera (PSOE, UGT, PCE), baina, baita ere, inork ez dituela beretzat hartu orduko eskakizun politikoak. Horrek azal dezake azken hamarkadetan publikoki egin den memoria historiko ia guztia, funtsean, faxistek 1936an hildakoak hil zituztela esatera mugatu dela, aipatu gabe, hil bazituzten, haietariko milaka, 1934a antolatu zutelako zela —ala 1934an parte hartu zuten erakundeetakoak zirela—.

Eskerrak Juan Ramon Garai, Jesus Gutierrez eta Josu Chuecak Octubre de 1934 en Euskal Herria (Intxorta 1937, 2014) ikerketa lan mardula osatu zutela; ordukoaz jakiteko ezinbesteko lana da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.