Distantzia horretara, The New York Times egunkariaren egoitza nagusian zegoen albistea, ez dakit noiztik, erretenituta, geldirik, lau haizeetara zabaltzeko hitzartutako ordua noiz iritsiko. Eta gu, asko, horren zain, gertutasun horretaz batere jabetu gabe.
Hainbeste esperotakoa, ordea, Atlantikoaren beste aldetik jaso dut, etxetik, BERRIAren onlineedizioan hizki handiz jarrita: «ETAk borroka armatua bukatu du». Bi aldiz irakurri behar izan dut titulua. Edo hirutan? Ez dakit.Eta salto batean, etxera deitu baino lehen, New Yorkeko euskaldun lagunei hots egin diet, ileak tente.
Kanpoan gaude, kilometro askotara, eta maila honetako albisteak beste modu batean bizi behar izaten ditugu. Akaso, horregatik, atzerrian gertuen sentitzen dituzun eta ongi ulertuko zaituztenekin momentua konpartitzeak berebiziko garrantzia du niretzat.Familia eta lagunekin iritzi trukaketa etorri da gerora.
Arratsaldean, Euskadi Ameriketako Estatu Batuetan saltzeko eta bultzatzeko ekitaldia zegoen prestatua New Yorken. Enpresari, kazetari, sukaldari eta politikariz osatutako taldea ibili da egun hauetan zenbait hiritan barrena.
Buruan, Patxi.Eta oraingoan, ez du asmatu.Asteleheneko bake konferentziarena, aurretik jakina zen, eta ez zuela bidaia bertan behera utziko esana zuen. Atzoko bat-bateko albisteak urrun harrapatu du. Eta gertutik jarraitzeko, korrika hegazkina hartu behar izan du.
Bere neurrian, baina gai izarretakoa izan zen, eta norberak taldean, bere inpresioak elkarbanatu zituen, euskarak batere presentziarik izan ez zuen ekitaldian.
Egun desberdina izan zen, berezia, historikoa, askotan gogoratuko duguna. Baina pasa da. Bukatu da. Joan da.
Orain, zuen txanda da. Aitzakiarik gabe, egin keinu, egin politika, hitz egin… eta bizi ditzagula egun berezi, desberdin eta historiko gehiago.
Larrepetit
19 kale beherago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu