Larbatutako zomorroa?

BERRIA.
2019ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Bazirudien urrunean zegoen zarataren oihartzuna edo zantzua zela solik, eta guregan eragin zuzenik oraindik ez zuela izango, baina nahi baino lehenago gure inguru politiko hurbilagoan ere izandu bere kokapena eskuinaren muturrak.

Dudarik ez Iparraldean aspaldiagotik ezagutzen zutela Frantziako politikan horrenbesteko arrakasta izan duen Le Pendarren oinordekotza eta eskuineko populismo ultra eta, nola ez, Espainiar estatuak ere bere lekua inbidiatuz edo, ez dio leporik eman Hungarian, Italian, Polonian edota aipatu Frantzian gertatu den fenomeno (ez hain) berriari.

Vox agertu zaigu, bai, baina arrautza berri batetik jaio den zomorroa da, edota aspalditik larbatua eta biziraunkortasun minimoarekin hortxe egon den fenomenoa? Uste dut bigarrenak leku gehiago duela Espainiar kasuan. Hau da, frankismoa ez zen egun batetik bestera desagertu, frankismo soziologikoak bere lekua beti izan du, batzuetan leundua, besteetan ezkutatua, maiz PPren baitan, besteetan abstentzioan... baina haziak bazuen heldulekurik. Agian ez zeukan agertoki politikoan agertzeko behar den abal eta legitimaziorik, baina Europar lehengusu politikoek aurrerapausoa ematean, lotsak galdu eta harrokeriaz zein harrotasunez plazara atera dira.

Egia da Europan errotik moztu zirela faxismo kutsuko joera politikoen aukerak bigarren mundu gerratearen ondoren, eta han faxismoak gerra galdu egin zuela. Aldiz, Espainian, zoritxarrez, irabazi. Horrela, eltze berean nahastu dira krisi ekonomikoak jotakoen desesperantza, immigrazio (ez ahaztu) pobrearen iritsiera masiboa, berdintasunaren aldeko zein emakumearen eskubideen defentsaren sendotzeak eta ondorioz gizonezkoen rol historiko «heteropatriarkala» kuestionatzen duten politikak, Europar batasunarekiko mesfidantza, xenofobia, LGTBI kolektiboen azaleratzea... eta horri aurre egiteko naziotasun esklusiboaren aldarrikapena. Espainiaren kasuan dudarik ezdago: Katalunian azkenaldi honetan izan diren aldaketa eta pausoak kontrakoaren sua berpiztu du, eta beste geografia batzuetan sortu du, ondorioz, Espainiaren handitasun, batasun ukaezin eta bakarraren gorespen eta defentsa sutsua.

Beraz, lapiko horretan sortzen den saldak leku bakoitzean osagai batetik baino bestetik gehiago izango du, baina zapore antzekoa atzematen zaio. Zoritxarrez, badu lerrokatze politiko honek abantaila bat: ez dauka ezer galtzekorik, eta ziurtasunak erantzun zehatz eta dudabakoak eskaintzen ditu, ezkutaketa gabe. Horregatik, hausnarketa eta analisi politiko zein sozialean ahul, garratz edo jota dagoen askorentzat helduleku bikain bihur daiteke.

Edozein kasutan, euskal esparruan, aipatutako arrazoi guztiengatik deritzot aukera hori uxagarri dela erakargarri baino, eta ez diot errotze politikorik hurbilean behintzat ikusten.

Halere, Europari begira (sukarra bezala hau ere sintoma bat da), gaixoa non dagoen asmatu behar dugu. Gizartearen gogaitzea eta politikarekiko arrakalaren erantzuna bada ere, alternatiba ezin da hau izan.

Zoritxarrez, azkenaldi honetan geroz eta konplikatuago bihurtzen ari da demokraziaren, justizia sozialaren eta identitate anitzen aldarrikapena defendatzen jarraitzea. Baina oraindik ere bagaude borroka horrek merezi duela eta muturreko jarrera ezeztatzaileek ezin dutela gizartearen gidari izan sinesten dugunok. Geroak esango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.