Langilerik gabe ezin da

BERRIA.
Lander Majuelo.
2016ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Europaz beste egin dute alderdi nagusiek, eta orain ezinean dabiltza. Denbora gehiegi inor kontuan hartu ez eta ideologia propioa errealitatearekin okertzen. Betiko klasismoa da. Egoera berriari postfaktiko ere deitzera datoz, elitearenak ez diren arrazoiak zuzenean irrazionalaren esparruan josiz. Obamaren ostean Merkel saiatuko dira ikurtzat hartzen, baina entzuleak galdu dituzte.

Gogor dator ultraeskuina. Abendu hasieran hauteskundeak Austrian, martxoan Herbehereetan. Biak irabazteko aukerak ditu erreakzioak. Frantzian, maiatzeko bigarren itzulian dago jada Le Pen itxaroten. Eta irailak AfD ekarriko digu, ziurrenik, hirugarren alderdi eta oposizio buru gisa Alemaniako bozetan. Haiek ari dira 2008ko kapitalaren krisiari aukera berriak eskaintzen, benetako lorpenekin. Brexit-aren eta Trumpen ostean, argi dute edozer irabaz dezaketela.

Absentziaren ondorioak dira. Bere kapitalismoaren analisia aitortzen ari dela (gosea, gerra, injustizia) desagertu da ezkerra ekuaziotik. Europan, erreferendumean galdetu eta greziarren hitza ezin beteta saldu zuen bere aukera. Ikusle hutsa da orain, AEBetako hauteskundeetan antzera, neoliberalen eskutik erreakzioa salatu edo erreakzioaren bidetik neoliberalen galerak ospatzen dituela. Klasearen eta aniztasunaren artean hautatu behar faltsuak ageri du bere norabiderik eza.

Ezkerra Europaz erabaki beharrean da. EBrekin hautsi, gobernu ultraeskuindarrei bide emanez, edo EB barnetik eraldatu, alderdi turnisten dekoratu gisa. Beste aukera osoko zuzenketa aurkeztea da. Dena ala ezer ez. Azken urteotako arazoen benetako sorburu den ereduari alternatiba ekonomiko bat eskaintzea lortu, bakearen eta ogiaren aldarriak berriz ere altxatu. Zaila bada ere, Merkel edo Juppé desiratzen egon, edo Trump garaipen propiotzat hartzea baino hobea bada.

Arrakala sakondu da. Azken bi hamarkadetan, Europako sistema politikoak ez dira gai izan justizia sozial minimorik lortzeko. Datorren urtean EBko bi herrialde garrantzitsuenetan dira bozak. Ultraeskuinak ez du laster batean Europa hartuko, baina luzaroan geratzeko etorri da. Unearen larriak ez dezala aldarria mugatu. Langileria, bai hemen jaioa, bai ostera datorrena, demokraziatik programatikoki izan da alboratua, erreakzioaren emaria oraindik gizartearen zentrotik badator ere. Eta ireki beharreko aukerek ezin dute masiboak besterik izan.

Gertakari politikoak berriz ere klase gatazka argiak diren honetan, krisiaren basatia gelditzeko beharrak eta aukerak Europatik at zabaltzen dira. Etxe kaleratzeak, fabriken itxiera eta Melillako harresiko zauriak arazo bera badira. Demokrazia liberalari datorkion zuzenketa autoritarioa izan ez dadin, eta Europaren ideia kolonialarekin behingoz akabatu nahi bada, ez da gehiengoak aintzat hartu gabeko irtenbiderik. Inor oraindik ere langile klasea non den galdetzen badabil, badu erantzuna: edonon.

Eta Trumpekin lehen aldiz larritu direnentzat, egoera soilik apur bat aldatu nahi duten mendebaleko herritarrentzat, oroitu askok injustizia aspaldi jasaten dutela, berdin du nor den Etxe Zurian. Oroitu Roqayah Chamseddineren hitzok: «If you think the election results brought on the state of the world you're now scared of, it didn't. That world was already there» (Uste baduzu hauteskunde emaitzek ekarri zutela beldurtzen zaituen munduaren egoera bat, ez da hala: mundu hori jada bazegoen hor) .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.