Oskorrirenak harrotu ditu hautsak. Egiari zor, duela pare bat urte-edo BERRIAn bertan Natxo de Felipek aho-bizarrik gabe eskainitako elkarrizketa hark ematen zuen jada zer pentsatua. Orain, azken guda dantza iragarri dutelarik, ETB2ko informatiboetan ere egin diete txoko bat. Iragana aipatu dute urrutikoenek, nostalgia, gaztaroko abesti kuttun haien egileen agurraren berri izan dutenean. Furra furra-rekin egindako dantza saioak; Euskal Herrian euskaraz-i esker euskara ikasten ari zirela egindako aurrerapausoak; Katuen testamentua-rekin, haurrak haur zirela, familiak kantuan egindako auto-bidaiak.
Hurbilagotuz, ordea, nostalgiari bestelako sentimendu eta gogoeta mailak hartzen dio gain. Profesionaltasuna, musika maila bikaina eta abesti bakoitza mimatzeko izan duten tentua aipatuko dituzte gehien-gehienek. Horrez gain, Txuma Murugarrenek, esaterako, sintomatikoa dela Oskorriren agurra, dio. «Plazarik ez dagoelako eta gaur egun interes handirik ere ez dagoelako, pena da Oskorri bezalako proiektu mardul batek agur esan behar izatea, nahiz eta erreferentziazko proiektua izan, kanta gogoangarri asko utzi dituena bere ibilbidean. 'Kultura' izeneko marasma horren erdigunean dago sortzailea, baina ez da oso kontuan hartzen. Ematen du garrantzitsuagoa dela kontzertua antolatzen duena, kontzertua ematen duena baino». Eta Mikel Markezek aho betean botatzen ditu askok aho batez sinatuko genituzkeenak: «Gure herria ez baldin bada herri gisa Oskorri bezalako talde bat mantentzeko gai —badakit modu oso sinplean esanda dagoela—, ez baldin bada bere ikono kulturalak errespetuarekin zaintzeko gauza, herri honek, garbi esanda, ez du ezertarako balio. Egingo dugu borroka beste atal batzuetan, baina ez gara sekula herri izango. Honek erakusten du, berriz ere, ez garela herri. Pertsona baten osasuna bezalakoa da. Ezin duzu esan osasuntsu zaudela deneko minak baldin badauzkazu. Hau min bat gehiago da. Arrazoia baldin bada ez dagoela emanaldirik, horrek emango luke gure herriaren termometroa, sinpleki».
Astearteko berriak horiek baziren, Arrosatik eta Maialen Errotabehereren ahotsetik ostegunean zetozenek arantza erantsi zioten arantzari. Pena duela dio, gaur egun kontzertuak emateko egun gutxi lortzen duelako eta ohartzen delako inguruan arazo berarekin dabiltzala anitz. Biktimismoan erori nahi ez eta proiektuak aurkezteko gosez segitzen omen du. Proiektu pila batekin joaten omen dira antolatzaileengana, beti ari omen dira proposatzen... baina guti omen dira irekitzen zaizkien ateak. «Batzuek uste dute kanpotik etortzen direnei ateak ireki behar zaizkiela, fama dutelakoan edo. Baina gu hor gara urte osoan, urririk egin behar direlarik gauzak ere hor gara, eta plazerarekin, herri batek behar baitu gure inplikazioa. Normala da. Baina gero, laguntza ttipi bat galdegin eta, orduan, aldiz, zaila dela ihardesten digute. Halere, entseatzen naiz ez botatzen harria besteei. Mugitzea erabaki dut. Gauzak sortzen ditugula erakustea. Arduradunak ohartarazi behar dira lekukoa hartu behar dutela, haiek dituztela azpiegiturak, legeak eta dirua».
Nik, Bixente Martínez ikusten dut sarri samar, etxetik lantokira eta lantokitik etxera. Txirrindaz. Beti txirrindaz. Garai batean herriko arotzak sorbaldan egur-ohola zutela edo linterneroak parrilan erreminta-kaxa zeramatela joaten ziren antzeratsu. Bistan ez, baina buruan daramatza jiraka, ziur, asmo, akorde, nota, abesti... Horixe pentsatzen dut ikusten dudanero. Eta dudan geratzen naiz gainerako herrikideek zer pentsatuko duten edo zerbait pentsatu ere egiten duten, hain ohituak pintxo-pote, gastro-pote, tripontzi-ostegun, txakolin-egun, erdi-aroko merkatu simulatu, parte hartu, hori bai, beti parte hartu eta prentsaurrekoen berri izatera. Kultura hori dela sinetsita asko dago. Sarriagotan entzun beharko genuke Xabi Erkiziaren ahotsa. Besteak beste, euskarazko usadioan usaina ere «aditu» egiten delako.
PLAZATIK
Kulturaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu