Iraultza gailendu zenetik trukean ezer eskatu barik laguntzen aritu diren mediku kubatarretako batzuei irakurri diet elkartasuna ez dela soberan duzunetik ematea, duzuna banatzea baino. Esaldi horregaz bat eginik sumatzen ditut euskal kulturgintzan bidelagun ditudan hainbat kide COVID-19ak erasan digunetik. Ordutik gaur arte krisi egoera honek kulturgintzan eragin(go) duen kalteei buruzko hainbat iritzi artikulu, elkarrizketa eta erreportaje argitaratu dira, eragile askotarikoen errealitate gordina plazaratuz. Bildu ahal izan ditudan guztiak patxadaz aztertu ostean, osagarri datezkeen zenbait gogoeta eta ekarpen partekatu gura nituzke zuekin.
Herrikideei kulturgintzaren balioaz jabetzeko eskatu diegu; babes soziala ments dugu.
Kulturgintzan autonomo gisa lan egiten duen musikari batek halaxe zioen: «Izan ditzagun langile arruntek dituzten eskubideak, eta gizartea kontzientziatu dadila; eman diezaiogun arteari merezi duen balioa». Eta nola ematen zaio arteari merezi duen balioa? Aspalditik eskatzen dugun eztabaida sozial zabal batetik erdietsiko genituzkeen erantzunen zain egon gabe ausartuko naiz ihardestera: sorkuntza iraunkorki sustatuz herritar ororen garapen integralerako ezinbestekoa den adierazpide gisa, sortzaileon baldintza laboralak duinduz, hedabideetan leku gehiago eginez eta transmisioaren bitartez (hezkuntza arautuan eta ez-arautuan).
Erakunde publikoek hartuko dituzten erabakien zain gagoz
Erakunde publikoak kulturgintzaren ekosistemako parte ez balira bezala jokatzen ari garela iruditzen zait, etsaiaren lubakian. Horrek menpeko bihurtzen gaitu, de facto erakunde publikoei onartzen diegulako kulturgintzarako estrategikoa zer den erabakitzea. Guk eskatu egiten diegu, eurek erabaki. Eta hori hanka sartze endemikoa dela iruditzen zait, hamarkadetan gainditu ez duguna. Gure kulturgintza ezin dugu erakunde publikoen esku utzi, hain gutxi turbokapitalismoa sustatzen duten alderdi politikoen erabakien menpe. Euskal kulturgintza ekosistema osatzen dugun eragile guztiok auzolanean eta sinkronizatuta salbatuko dugu edo etorkizunean hautaketa naturala ankerki gailenduko da; indartsuak aurrera, ahulenak zulora. Konfinamendua amaitutakoan, Euskal Kulturarentzako Plan Estrategikoa proposatu, eztabaidatu, adostu eta gauzatu behar dugu. Eta bidean ez Frantziak ez Espainiak ez beste inork oztopo gaindiezinik jar ez diezagun, babes juridikoa behar dugu: bere baitan Sortzailearen Estatutua jasoko lukeen Kulturaren Legea. Kolpe honen ubelak urteetan iraungo digu.
Kulturgintzan eta sakabanatuta gauden eragileon arteko auzolana dateke bidea
Eta hain zuzen ere shock egoera honek ekar diezaguke argitasuna. Berbarako, inoiz baino azkarrago elkartu dira kulturgintzaren ekosistema osatzen duten eragile batzuk Zuzeneko arteen batasuna Covid-19ri aurre egiteko deritzon komunikatua adosteko. Mahai tekniko bat osatu dute eta zuzeneko kulturarekin lotutako erakunde publiko eta pribatu oro gonbidatu dute mahai horretan parte har dezan. Luzatu duten gonbidapenari kulturgintzako ekosistema osatzen dugun ahalik eta eragile gehienek erantzun beharko genieke, eta Durangoko Landakon batzartu gintezke egoerak baimentzen digun bezain laster.
Akaso gakoa paradigmaren erabateko aldaketan datza
Krisi honen kolektiborik zaurgarrienetakoa kulturgintzarena dela nabarmendu dute iritzia eman duten askok. Gu baino zaurgarriagoa den kolektibo batek Landakon elkartuta arrazoi askorengatik txunditu gintuen. Bat, paradigma aldatzeko euren gaitasunean duten uste osoa. Kulturgintza ekosistema bat garela, auzolanean eta sinkronizatuta aritu behar garela barneratu eta ekosistematik kanpo sentitzen diren herrikideei ulertarazten badiegu, paradigma eraldatuko dugu. Goazen ba babes sozial, politiko, juridiko eta ekonomiko horren bila. Sormena ez dago krisian eta badugu nori ikasi.
Kultura barik pobreak gara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu