Krisi humanitariotik harago

2015eko irailaren 13a
00:00
Entzun
Krisi humanitarioa, bai, duda barik, eta galanta. Baina ez bakarrik. Baita ere asilo politika baten eta bere arautegiaren krisia. Eta biak kontuan hartu behar ditugu, biei egin behar diegu aurre, zati handi batean, lotuta baitaude.

Europa ez da munduan errefuxiatu gehien jasotzen duen lurraldea. Errefuxiatu, asilo eskale eta desplazatu gehienak ez daude Europan, ez dira Europara etortzen. Urte hasieran, 52,9 milioi errefuxiatu, asilo eskale eta desplazatuak zeuden munduan, eta haietatik %90 lurralde pobreetan zeuden, ez Europan. Munduko lurralde aberatsenek, Europako Batasuneko estatuak barne, ez dute errefuxiatuen zama handiena jasaten.

Non daude? Bada, multzorik handiena Ekialde Hurbilean, 17,2 milioi. Batez besteko, 223 errefuxiatu 10.000 biztanleko, baina Libanon, adibidez, 2.587 errefuxiatu daude 10.000 biztanleko. Eta Europako Batasunean? Bada, Frantzian 46 errefuxiatu 10.000 biztanleko; 56 Alemanian; 109 Norvegian; 233 Suedian; 671 Estonian. Alemanian, Europako Batasunean errefuxiatu gehien jasotzen duen herrialdean, urte hasieran 455.000 errefuxiatu zeuden, kopuru handia duda barik. Baina, aldi berean, Turkiak 1,6 milioi jasotzen zituen; 1,2 milioi Libanok, eta 629.245 Jordaniak; nahiz eta, Alemaniarekin konparatuta, dezente pobreagoak izan.

Estatu espainolean, iaz, 5.947 asilo eskaera egin zituzten. Kantitate txikia benetan. Horietatik 99 Euskal Autonomia Erkidegoan (80 Bizkaian, 10 Gipuzkoan eta 9 Araban). Nafarroan 26 eskatu ziren. Denbora berean, 202.645 eskaera egin ziren Alemanian, 81.180 Suedian, 64.625 Italian eta 62.735 Frantzian.

Europako Batasuneko estatuak gai dira, edo izan beharko lukete, errefuxiatu eta migratzaileen etorrera honi babesa eta harrera ona emateko, nahiz eta orain gutxira arte emandako espektakulua nazkagarria izan. Baina harrera hori iraunkorra izateko, indarrean dagoen asilo politika sakon aldatu beharra dago.

Praktikan, Europako Batasunak ez dauka asilo politika bateratu bat. Nahiz eta arautegi bateratu bat eduki, egoerak izugarri diferenteak dira. Bestalde, arautegia bera, edo arautegiaren zati garrantzitsuenetariko bat betidanik izanda arazo. Arau horien arabera, asilo edo babes internazionalaren eskaerak lehenengo iristen diren estatuan, hatz-aztarnak hartzen zitzaien estatuan, egin behar dira, eta bertan itxoin erantzuna jaso arte.

Sistema horrek gutxienez hiru arazo handi ditu. Lehenengoa, ez datorrela bat Giza Eskubideen Aldarrikapenaren 14.1 atalarekin: Pertsekuzioa denean, pertsona orok du eskubidea beste herrietan babesa bilatu eta hura izateko. Babesa jasotzea eskalearen eskubidea da, eta berak erabaki beharko luke non eskatu. Bigarrena, asilo eskaerak artifizialki Europako Batasuneko mugetan dauden Estatuetan biltzen direla. Hirugarrenik, sistema horrekin inor ez dela konforme geratzen, ez asilo eskaleak, ez kanpoko muga izatearren beraien eskaera jasotzera behartuta dauden Estatuek.

Hiru arazo horiek argi eta garbi ikusten ari gara azken egun hauetan. Jende askok ez du Grezian, Bulgarian edo Hungarian asiloa eskatu nahi, ezta erantzuna jaso arte han itxaron ere. Alemania, Austria edo Suediara joan nahi dute zuzenean, azken finean beraien eskubidea baita ondoen tratatuak izango diren lurraldean beraien eskaera egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.