Premonitorioak gertatzen dira Xabier Amurizaren 1982ko finaleko naufragoaren bertsoak: «[…] hori da bihotz ustela/ biziagatik oso gustora/ galduko nuke txapela/ baina munduak hor jakingo du/ kriminalak zaretela». Pertsona uretan ikusi arren, laguntzeko geratu ez bapore handia. Lehertu da errepikan Balda pilotaleku mukuru betea: «kriminalak zaretela!».
Kriminala guztion hiztegian dago, indarra du. Bihotz-beltza da kriminala. Gaiztoan gaizto, ez du gizatasun arrastorik. Historiak etsenpluz ongi zikindua, gehiegi balio du edonoren esku uzteko. Eta bonba nuklearrarekin nola, berebiziko munta du hitzaren gaineko monopolioa izateak.
Horrexegatik, hobe norberak botatzea bestek botatzerako, erabiliko du «talde kriminala osatzen dute» Palacio de Arozteguia SM promotorearen salaketa partikularrak zazpi baztandarren kontra egingo den epaiketan. Krimena protesta egitea da Lekarozen obratu nahi den astakeria urbanistikoaren aurka; krimena hondeamakinen aitzinean paratzea da; aldarrikatzea Aroztegiko pentzeetan eraikitzekoak diren 225 txaletek, 135 gelako hotelak eta golf-zelaiak ez dakarkiotela onurarik inguruari, ezpada bakan batzuen sakelei.
Obrak oztopatzeagatik «talde kriminala» direla erranik, karikaturaraino manipulatzen da mintzoa. Ez da zauriturik, are gutxiago hilik batere, baina kriminal deituta oihartzun zaharrez zikintzen da hitza eta salaketa. Ordena da biolentziaren kontra. Zibilizazioa da ala barbariea.
Itzul gaitezke 82ko finalera, eta arrazoiak eta bihotzak iraulirik, kriminala itsasoan ia itoan dabilenari deitu. Zer egin duen? Arriskuan jarri bapore handia. Naufragoari laguntzearren arruta komertzialetik lekutu beharrak hainbertzeko galera lekarkio…