Kontsumoa eraldaketarako giltza

BERRIA.
2015eko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Pariseko klima aldaketaren gailurraren eraginpean idazten nabilela aitortu behar dut. Gabon giroko kontsumo goraldia ozpintzeko moduko notiziak datoz bertatik. Hotzikarak eragiten ditu tamainako krisi ekologikoaren ebidentzien aurrean zer edo zer egiteko ahalmena dutenen nagikeriak. Izan ere, gailurraren testuinguruan komunitate zientifikoak aurkeztu dituen agertokiak ez dira gutxiesteko modukoak. Egun ezbaian dagoena ez da planetaren beroaldiaren ondorioz eraldaketak nozituko ditugun ala ez; aitzitik, eraldaketaren zer nolakoa eta trantsizio ordenatua ala kaotikoa izango ote den aztertzen dabiltza. Gauzak horrela, ez da harritzekoa zibilizazio krisiaz edo krisi sistemikoaz ohartarazten diguten ahotsak gero eta ozenagoak izatea.

Hiper-kontsumoaren gizarteotan zientzia-fikzioa dirudien arren, argi dagoena zera da, etengabeko hazkundean eta kontsumoan oinarrituriko garapen eredu kapitalistaren agorpen zantzuak indartsuak direla egun. Batetik, ekologikoki ez delako eutsigarria; bestetik, ongizatea orokortu ordez desberdintasun sozial ikaragarriak eragiten dituelako; eta, gainera, ez delako pertsonen zorion-iturri. Zoriontasuna ondasun eta zerbitzu gehiago kontsumitzearen oinarrian eraikitzen den ikusmoldea ez baita nahikoa pertsonen zaintzan eta giza harremanen epeltasunean, edota bizi-zentzuen eremuan sumatzen diren hutsuneak estaltzeko.

Ikuspegi honetatik begiratuta lasai asko baieztatu daiteke, egun, krisi ekonomikoaren ondorioei erantzun ez ezik, maila bereko urgentzian dagoela garapen eredu humanoago, bidezkoago eta jasangarri baterako trantsizio bideak martxan jartzea. Ekoefizientziaren eta bestelako teknologi-soluzioen bideei uko egin gabe, jakin badakigu gizarte lokalizatuagoa, ekonomia sustraituagoa, baliabide endogenoen optimizazio handiagoa, eta herritarron jarrera arduratsuagoak etorkizun hurbileko ongizatearen oinarriak direla. Eta, halaber, zalantzarik ez dago kontsumo ohiturak aldatu beharko ditugula, gure bizi-maila doituz eta soilduz, gutxiagorekin hobe bizitzea posible dela frogatuz.

Trantsizio honetan, kooperatibagintza eta ekonomia sozial eta solidarioko egitasmoak oro har, berebiziko garrantzia dute. Ekimen sozialeko egitasmo demokratiko hauek, ekonomia-baliabideak pertsonen eta komunitatearen interesen zerbitzura ezarriz, gaurdanik etorkizuneko praktika ekonomikoen ernamuinak garatzen dituzte. Euskal Herrian, gainera, lehen olatuko kooperatibagintzaren eta ekonomia sozial berriaren elkarrekintzak loraldi berri baterako aukerak zabaltzen ditu: merkatu sozialak garatzeko, ziurtagiri sozial eta ekologikoen bideetan sakontzeko, moneta sozialen aukerak arakatzeko, zerbitzu partekatuen eta LETS sareen gisako elkar laguntzaren esperientzia berrietan esperimentatzeko, bigarren eskuko eta berrerabilpen zirkuituak indartzeko, jasangarritasunaren eremuan jarduera berriak martxan jartzeko, ekoizle eta kontsumitzaileen kooperatibak biderkatzeko… Interesgarriena, dena den, ondokoa da: ekonomia soziala garatzeko estrategia zabalago baten baitan, norbanakoen kontsumo kontziente eta arduratsua eraldaketa sozialaren indar-eragile garrantzitsua bilakatu daitekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.