Kristau Eskolaren betiko kezka izan da kalitatezko hezkuntzarekin konpromisoa hartzea eta kalitatezko hezkuntza hori familiei eta gizarteari eskaintzea. Ikuspuntu horretatik, Heziberrik eskaintzen duena eta familiei zuzendutako kalitatezko hezkuntza horrekiko konpromisoa norabide berean doaz. Izan ere, konpetentzietan oinarritutako hezkuntzak kalitatea bilatzen du eta gizartearekin benetako konpromisoa hartzen du. Konpetentzietan hezten diren ikasleak prestatuta daude gizartean euren eginkizuna betetzeko eta gizartearen hobekuntzan konpromisoa hartzeko.
Heziberri konpetentzien garapena bilatzen duen lanean sostengatzen den eredu pedagogiko batean oinarritzen da. Konpetentzietan oinarritzen den hezkuntza lanketa horrek eskolako beharren eta egungo eta etorkizuneko gizartearen errealitatearen arteko batasunaren aldeko apustu sendo bat dakar. Orain arte, eskola ez zegoen bizitzarako prestatua, proba eta kurtso batzuk gainditzeko baizik. Aldaketa testuinguru honetan ikaslearen garapen osoa lantzeko bidean jartzen gaitu hezkuntza eredu honek.
Bestalde, irteera profilaren proposamenak eskolak familiarekin eta gizartearekin konpromisoa hartzea proposatzen du. Plangintza egokiarekin eta beharrezko baliabideekin, eskola aipatutako ikasleen garapen osoarekin eta herriaren sustapena bultzatzen duen irteera profil batekin konprometitzen da.
Konpetentzietan oinarritzen den hezkuntza horrek Euskal Hezkuntza Sistema osoari hobekuntza ekarriko diola espero dugu, izan ere, gure ikastetxeetan jada etorkizun handiko emaitzak lortzen ari gara. Dena den, Kristau Eskolaren ustetan badira ikertu behar diren beste ildo batzuk ere, Heziberri egitasmotik kanpo daudenak baina azaltzea ere espero dugunak. Batzuk aipatzearren, ikaskuntza dialogikoa, adimen anitzak, ikaskuntza kooperatiboa eta proiektuen bidezko ikaskuntza, ulermenerako ikaskuntza edo zerbitzu ikaskuntza. Gure ikastetxeak gai horiek ikertzen ari dira eta pixkanaka gure esperientzia emateko aukera dugu. Beti esan dugun bezala, sare lana eta indar metaketa sistemaren erdigunean jartzen dugun ikaslearen mesedetan izango dira.
Curriculum dekretuari dagokionez, hezkuntza-apustu ona dela uste dugu. Hobetu edo zehaztu behar diren atalak ere badaudela deritzogu. Esaterako, ikasgeletan lantzeko konpetentzietan oinarritzen den lanaren zehaztapena, eskoletako proiektuak, aniztasunaren tratamendua eta, batez ere, ikastetxeen autonomia. Baina Eusko Jaurlaritzak badaki apustu horretan gure laguntza izango duela eta gure indar guztia erabiliko dugula hezkuntza proposamena osotasunean garatu dadin.
Hala nola, argi daukagu ikasgeletan berrikuntzaren, etenik gabeko hobekuntzaren eta ikerkuntzaren aldeko apustua eginez gero emaitza arrakastatsuak lortuko direla.
Maiz legeak helburu gisa, jomuga nagusi gisa, eskoletan lortu behar ditugun xede gisa hartzen dira. Haratago joan nahi dugu. Ikuspegi horretatik, ez LOMCE ez beste hezkuntza legerik ezin da oztopo gaindiezina izan. Euskal Autonomia Erkidegoan lortu diren emaitzak kalitatezko hezkuntzaren eta ikasleen garapen handienaren aldeko apustu horren adierazle dira. Dekretuan adierazten diren hezkuntza proposamenak garatzeko eremua badagoela uste dugu.
Gure posiziotik hezkuntza lege egonkorraren zain gaude eta horrek berrikuntzaren aldeko jarrera eduki beharko du helburuak eta apustuak argi eduki ditzan. Espero dugu lege hori Heziberri egitasmotik sortzea. Aldi berean, espero dugu alderdien interesak gainditzea eta sortuko den hezkuntza lege hori printzipio pedagogikoetan oinarritzea eta ez politikaren norabideetan. Printzipio pedagogiko horietatik zentzuzkoa da emaitza onak eta, azken finean, kalitatezko hezkuntza ateratzea. Hala bedi.
Konpetentzietatik konpromisora
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu