Azken hilabete hauetan gehienoi gertatuko zitzaigun, orain arte normaltasun osoz egiten genituen zenbat eta zenbat gauza egin ezinik gelditu garela, eta egin daitezkeenetatik zenbat ere egingo genituzkeela gustura lehen bezala. Bilboko Kafe Antzokiko kontzertuak datozkit niri bereziki gogora, beste batentzat futbol partidak izango dira, edo bertso afariak, edo saltsa dantza saioak, nik zer dakit.
Baina gabeziarik larriena komunitatearena egin zaigula esango nuke. Familiarekin, lagunekin edo auzokide edo lankideekin elkartzeko ezintasuna. Zaintza, lan eta aisiaren esparru gehienak baldintzatu dizkigu aipatzeaz ere jada aspertuta gauden birus batek. Bat-batean gure munduak txikiagoak bilakatu dira. Bakarrago gelditu eta sentitu gara. Isolatuago, sakabanatuago, txikiago eta ahulago.
Zorionez, salbuespenak daude joera orotan, eta nirea euskarazko rolgintzarena da. Atopia proiektu kolektiboa (atopia.eus) existitu aurretik euskaraz rolean sekula jokatu gabe nengoen, eta leherketa bat izan da 2020koa. Interneteko konexioari esker astean bi, hiru, lau, bost partida ezberdin jokatzera iritsi naiz itxialdian, etxetik. Big Bang bat. Eta zorionez ohiturari eutsi diogu deskonfinamenduan ere, erritmoa mantentzerik egon ez den arren.
Espazioko mertzenario, abade, azti, Hollywoodeko aktore, aizkolari eta beste dozena erdi pertsonaia izan naiz webcam bidez, eta beste batzuetan nik gidatu ditut partidak, ia-ia gure mundu erreala bezain eroak diren fikziozko munduetan.
Eta oso eskertuta nago. Istorioak, abenturak, partidak, guztiz fikziozkoak diren arren, komunitatea erreala delako.
MELE
Komunitatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu