Nahi izan duenak behin eta berriro ikusi ahal izan ditu Puerto espetxe atariko irudiak. Aurrena, Antxon Lopez Ruizen bila joandakoak auto barruan, aurpegiak ahal bezala tapatzen, eta ETAren biktima diruditenak auto barrukoei irainka, «hiltzaile» esaten, oihuka. Ondoren, Lopez Ruiz bera, orain arteko argazkietan baino ile urdinagoarekin giltzapean luze egon diren preso guztiak bezala, presaka autorantz, biktimen oihu eta irain artean. Irudien arabera, preso askatu berria poliziek babestu egin dutelako ez dira iraintzaileak areago joan. Irudiok eta irudioi buruzko titularrak hedabide nagusietan ikusi dituztenek ez dute arbuio tonurik ez zuhurtzia iradokizunik jaso; pentsa zer-nolako injustizia gertatzen ari den, (beti arrazoi daukaten) biktimak horren amorratuta daudenean. Horra mezua. Rodrigo Ratori sandaliarekin mehatxu egitea, #gaizkiegina. Kubati eta bere senideak lintxatzen saiatzea edo horren plantak egitea, #ongiegina.
Zerbait aldatu da, dena den, Ines del Rio irten zenetik Antxon Lopez Ruiz eta beste hamabiak askatu dituzten arte. Zantzu baikorrak ikusteko gogoa izango da, baina Angeles Pedraza AVTko buruaren kotizazioak, adibidez, behera egin duela ematen du. Ostiraleko egunkarietan ez zen ia AVTko hitzen arrastorik ageri, eta ez zen bezperan isilik egon zelako. Iritzi artikulua idatzi zuen instituzioek eta alderdiek biktimak bakarrik utzi dituztela salatzeko, baina ez El Mundo-n ez La Razón-en ez Abc-n, Interreconomiaren La Gaceta-n argitaratu diote, Madrileko egunkarien senide txiki eta ultran. Beste hainbat gehiegikeriaren artean, Espainiako Auzitegi Gorena ere desegin egin behar dela esan du Pedrazak. Zeharkatu behar ez zuen marraren bat zeharkatu du akaso. Bakarrik ez dago, baina duela aste gutxi bezain lagundua ere ez.
PPn agintean daudenen eta agintean zeudenen arteko etena gero eta handiagoa dela dirudi. AVT, Aznar, Mayor Oreja eta enparauen bertsio harrigarriaren arabera, Zapaterok abiatutako bide berean ari da Rajoyren gobernua ETAren amaieraren auzian. Ezagun du ez dela horrela, bi urte baino gehiago joan direnean Aieten irekitako bidea ixtea lortu duela Rajoyren gobernuak, baina agerikoa da, era berean, aznarzaleek nahi luketen politika ere ez dela ari egiten. Demagun AVTk esaten duena eta Aznarrek iradokitzen duena, neurri batean, egia dela; alegia, Rajoyren gobernuak, Auzitegi Gorenak eta Auzitegi Nazionalak ez dituztela Estrasburgotik inposatutako erabakia trabatzeko aukera guztiak baliatu, Del Rioren auziari buruzko epaia beste preso guztiei hain azkar ez ezartzeko modurik topa zitekeela, horretan saiatuz gero.
Aste gutxitan bata bestearen atzetik askatu dituzte 24 euskal preso. Ondo bidean, beste hogeita hamarretik gora ere laster izango dira etxean. Espetxeen frontean ez zen hain berri onik izan ETAk armei adio esan zienetik, eta askoz aspaldiagotik. Rajoyren gobernuak desadostasun hitzak izan ditu, baina horretara mugatu da. Ezker abertzaleak poztasun keinuak egin ditu, baina zuhurtziaz erantzun die Madrildik ezarritako mugei, beste garai batean gatazka piztaile izango ziren debekuei. Elkarri eragozpenak ez jartzea erabaki balute bezala, Estrasburgok eragindako baldintza berrietan elkarri bidea erraztu nahi baliete bezala.
Baina inoiz ez da zuria edo beltza. Esaiezu Herrira-ko kideei, Iruñeko tartalariei, Ateak Ireki webgunekoei, edota presoen aldeko lanetan jarraitzen dutelarik Poliziaren hatsa kokotean sentitzen ari direnei, hain zuzen, kimu berdexkak sumatzen dituzula aspaldiko partez. Arrazoiz, Zapateroren harako gaitz hura duzula esango dizute, baikor antropologiko halakoa.
Handik eta hemendik
Kimu berdexkak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu