Oier Aranzabal.
MELE

Kardamirua

2021eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Antonio Gezalak, erbestetik itzuli ostean, ez zuen gehiago margotu. Ilunagoa oroitzen zuen amama Juliak, isilkorra, etxeko bulegoan. Lanpara doi baten argitan filateliarekin edo txanponen kolekzioarekin erreaz denbora. Edo gutunak idatziz; Bilbo ere mundua bera bezain ilun zegoela, Ibaigane jauregia, inoiz festak eta dantzaldiak egiten zituzten lekua, orain kuartela zela azalduz erbestean bizirauten zuen lagun handiren bati. Itzuleran, Gardoki kalean jarri zuen familiaren habia.

Margotzen ez duen margolaria, baina, abesten ez duen kardamirua bezala da. Kaiola baten zentimetro karratuetara etsi den kardamirua bezala. Eta bizitza gatibua, berriz, bizitza moztua. 1956ko irailean hil zen Gezala.

Aitite Angel La Navalen lanean zela, amama bakarrik geratu zen, artean urtebete baino ez zuen gure ama altzoan hartuta, etxea gainera erortzen zitzaion bitartean. Iraganaren pisu osoa sentitu zuen bere gain bat-batean. Askotan aitortu zidan hura izan zela bizitzako itoaldirik bortitzena. Une hartan gerra garaian eta erbestealdi osoan baino negar gehiago egin zuela. Hura izan zela, nolabait, aurreko urteetako galbide guztien gibela. Galera eta kalamitate guztien berrespena.

Ezinean, Gardokiko etxe hartan galdu zen artistaren posta-trukea. De la Sota, Picasso, Delaunay edo Unamunorekin izandako eztabaidak eta hitz aspertuak. Une askoren oroigarriak, lagunen opariak eta garai hobeen oihartzuna. Ordura arte galdutako guztiaz gain, iraganari berari ere uko egitea bezala izan zen amamarentzat.

Oroitzapen hauek eta beste batzuk kontatzen zizkidan eskutik helduta Zarauzko malekoitik pasiatzen genuenean. Eta iparraldeko haize hotza sartzen zenean, batez ere neguan, negarrak ihes egiten zion. Begietan arazo bat zuela esaten zuen, malko jarioa zapiarekin lehortuz. Ipar haizeagatik zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.