Izena gogoratzen ez dudan fantasiazko liburu batek zioen (ez zen Kixote) ate bat misterio bat dela beti: inoiz ezin dela ondo jakin aldez aurretik zerbait kanpoan mantentzeko dagoen edo zerbait barruan. Nine Inch Nails musika taldeak ere bazuen abesti bat zoologikoko kristalei buruzkoa; ea ba ote dakigun kristalaren zein aldetan gauden.
Barrua eta kanpoa konstitutiboak zaizkigu. Ibai Atutxari Basil Poledourisen Conanen soinu banda jarrita irakurri diodan bezala zibilizatuak barbaroa behar du bere zibilizazioa eraikitzeko. Eta eskura izan ezean sortu, produzitu egingo du barbaroa. Euskaldunok, badugu esperientziarik gure azaletan, barbarotasunaren manufaktura prozesuez.
Egunotan Bilboko azal zuriko udaltzain baten irudiak ikusi ditut, bilbotarra izan daitekeen emakume azal zuriko bat indarrez hartzen Bilboko Kale Nagusian, emakumea azal beltzeko kale saltzaile baten atxiloketa eragozten saiatzen ari zelarik. Hedabide eta erakunde publikoetatik poliziak jasandako ustezko eraso eta kalteak azpimarratu eta gaitzetsi dira, baina herritar batek (bere azalaren kolorea ez dakigu, kameraria eremuz kanpo dago eta) grabatutako irudietan ez da ageri polizia sindikatuak aipatutako buru-ostikadarik.
Zoologikoan lez, kristal lodi batez bereizten zaizkigu kanpoa eta barrua. Lerro sendoz marrazten zaizkigu gu eta haien arteko mugak. Eta iruditzen zait gako bat, koska bat hor egon daitekeela agian, delimitazio aratz bezain arbitrario, sendo bezain bidegabe hauek haustean.
Zooko zaindariek ba ote dakite kristalaren zein aldetan dauden benetan. Ez ote daude erratuta.
MELE
Kanpoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu