Kanpainez, 'spin-doctor'-ez eta marketin politikoaz

2019ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Zer tonu du hauteskunde kanpainak? Kasik nahiago nuke artikulu honen inspirazio izan den galdera horri erantzuten ez jakin; izan ere, horrek esan nahiko luke kontsekuentea izan naizela berriz hauteskunde orokorrak izango genituela jakinarazi zenean sentitu nuenarekin. Orduan, zera pentsatu nuen: «Ez dut ezer jakin nahi azaroaren 11 arte!». Baina, sinesgogortasun, ukazio eta haserre faseak igarota —dolu bat balitz bezala— eta onarpen fasean sartuta, informazioa jaso dut berriro ere, eta iritzia daukat berriz: helarazi egingo dizuet. Euskadin ere, egungo egoera politikoak asko baldintzatuko du kanpainaren tonua. Hainbat gertaera direla eta (legealdiaren porrota, procés-aren sententzia, eskuin muturra instituzioetan sartu izana eta alderdi aniztasuna), estatu mailako alderdiak galdera baten erantzunaren bila hasi dira: zer da Espainia? Alderdi horiek guztiek biltzen dute galdera hori beren leloetan, zuzenean edo zeharka. Labur esanda, kanpaina Espainiari buruzkoa da, haren gobernuari, izaerari eta definizioari buruzkoa. Beste zerbaitek ere markatuko du hauteskunde kanpaina: tema berezia izango dute definitzeko nork berma dezakeen akordioa egingo dela gobernua osatzeko. Euskal alderdi nazionalistei dagokienez, azpimarratuko dute eta gogoraraziko digute zer jarrera izan duten edo izaten saiatu diren demokraziaren historiaren legealdirik laburrenean: akordioaren eta negoziatzearen aldekoa. Hala, nabarmenduko da gobernu progresista bat eratzeko orduan izan zuten jarrera aktiboa, nahiz eta, azkenean, ez zuten lortu gobernua osatzea. Gainontzeko alderdiek, berriz, estatu mailan agertzen ari diren mezu berak zabalduko dituzte, gure inguruan eta errealitatean asko kokatu gabe.

Egun eztabaidan dagoen beste kontu bat da zer garrantzi duten aholkulariek, spin-doctor deiturikoek, erabakiak hartzeko eta estrategia politikoak ezartzeko orduan: ez bakarrik alderdiarenak, baizik eta estatuarenak ere bai. Alderdiek marketin politikoaren estrategiari ematen diote lehentasuna, eta, horretarako, aholkularitza mota jakin bat kontratatzen dute. Aholkulariek beren lana egiten dute, eta, adibidez, PSOEk azaroko bozetan emaitza onak lortzen baditu, horrek esan nahiko du PSOEren aholkulariak ondo egin duela bere lana, nahiz eta ez duen lagundu gobernu bat eratzen apiriletik irailera bitartean. Arazo nagusia da alderdi politikoek (eta haien ordezkari nagusiek) estrategia alderdikoiak lehenetsi dituztela, eta beste estrategia bat behar dela gobernu egonkor bat osatzeko: estatuari eta herrialdeari begira egindako estrategia bat, ez alderdiari eta are gutxiago bozei begira egindako bat.

Politika egiteko modu hori da nagusi orain, garai hau egokia zaielako horretarako. Gure gizartean, komunikazioa eta informazioa mezu laburren bidez kudeatzen dira, leloen bidez. Orain ez da garrantzitsua albiste batek egia edo gezurra dioen; erein eta bildu egitenda. Gure gizarteetan, gertatu ahala jakiten diren albisteak dira nagusi, eta, are, gertatu ahala iraganeko kontu bihurtzen dira; beraz, informazioa gogoan gordetzeko gaitasuna gutxitu egiten da, eta, hala, argudio egiazko eta kontsekuenteak sortzeko aukera ere bai. Ideologia desagertzen eta marketina agertzen denean, komunikazio aholkulariak gailentzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.