Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Junquerasen bahiketa

2019ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak dio Oriol Junqueras ezin dela eurodiputatu izan. Ez diola utziko Estrasburgora joaten. Ez dio utziko,paper ofizialean idatzita esan duenez, ezingo litzatekeelako «segurtatu zigor prozesuaren xedeak betetzea». Erabaki hori justifikatzeko, are gehiago katramilatu dira, esanez erabakia «behin-behinekoa» dela, eta prozesuaren kontrako epaiketaren emaitzaren mende dagoela.

Iruditzen zait Espainiako justizia, etxea bere gogora egiten ohituta, ez dela ohartu ere egin bahiketa bat deskribatzen ari dela. Eta erabaki horri eransten badiogu Zaragoza fiskalak ahozko auzi saioaren bukaeran baieztatu zuena —esan baitzuen erreferendum bat antolatzea delitua dela despenalizatuta egon arren—, berealdiko endredoan sartu dira. Hemen:

1. Defendaezina da despenalizaturiko zerbait delitua izatea. Delituaren definizioak berak eskatzen du Zigor Kodean esplizituki agertzea halako gertakariak.

2. Kondenatua izango delakoan Junquerasi kargua hartzen ez uzteak esan nahi du ez zaiola aitortzen errugabetasun presuntzioa.

3. Jada kondenatua izan balitz, eztabaidatzekoa litzateke ea Oriol Junquerasek aukerarik izango lukeen ala ez eurodiputatu karguaren immunitatea erabiltzeko. Baina, nolanahi ere, behin-behinean kartzelaturik dago, eta, hortaz, haren eskubide politikoek bere hartan diraute.

4. Hori guztia, kontuan izanik Oriol Junqueras joan ahal izan zela Espainiako parlamentua osatzeko saiora. Zer aldatu da?

Justiziak ez du zentzurik hain arinki baztertzen direnean araurik oinarrizkoenak ere. Argi geratu da helburua dela buruzagi independentistak kaletik aparte edukitzea. Kosta ahala kosta. Baita legezkotasun itxura ez oso sinesgarri baten atzean bahituta ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.