Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Junqueras eta Puigdemont

2022ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Aste honetan, gogora ekarri dugu bost urte bete direla parlamentuak Kataluniaren independentzia aldarrikatu zuenetik. Ziur nago, Maria eta Martxelo, egun hartan parlamentuan bertan izan ginenetako inork ez zuela inoiz pentsatuko Kataluniako politika gaur egun den lokazti nazkagarria izango zenik bost urte geroago. Baina halakoxeak dira gauzak.

Egun hartan, Carles Puigdemont azken segundoan eta ustekabean azaldu zenetik Artur Mas presidentea ordezkatzeko, jende garrantzitsu askok izan zuen zeregin erabakigarri bat: batetik, Espainiako estatua garaitzeko orduan, urriaren 1eko erreferendumaren bidez; bestetik, hilgarri bihurtu daitekeen zauri bat irekitzeko orduan, independentziaren aldarrikapenaren eta horrek ekarri zuen guztiaren bidez. Jende horren zerrenda luzean, bi izen nabarmentzen dira, eta badakizue zein diren: Carles Puigdemont 130. presidentea eta Oriol Junqueras gobernuko presidenteordea; PDeCATeko burua eta Esquerra Republicanako burua, hurrenez hurren.

Jakina da aldarrikapenaren ondoren Carles Puigdemontek erbestera joatea erabaki zuela eta Oriol Junqueras espetxean sartu zutela. Eta denok dakigu haien arteko liskar politikoak —eta haien arteko liskar pertsonalak— eragina izan duela ondoren gertatu den guztian.

Junqueras eta Puigdemont oso ezberdinak dira ia gauza guztietan. Politikarekin duten harremana desberdina da, baita alderdi bat zer den eta noren zerbitzuan aritu behar duen ulertzeko duten modua ere. Urteen poderioz, bien arteko desadostasunak handitu egin dira, eta biek proposatzen dituzten estrategiak urrundu, bateraezin bilakatzeraino. Baina aitortu beharra dago bost urte geroago Oriol Junqueras eta Carles Puigdemont direla oraindik ere Kataluniako bi politikaririk garrantzitsuenak, edozer gerta dadin behar diren bi pertsonarik erabakigarrienak; eta hala da nahiz eta tartean izan diren espetxea eta erbestea, PDeCATen moldaketak gaur egun Junts den horretara iritsi arte, bien arteko gobernu osaketak eta gobernu zatiketak. Eta ez nago ziur horrek zer esan nahi duen, baina badakit asko esan nahi duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.