Beldurra diot epaitua izateari. Agian nire bizitzaren hiru-laurden besteei buruzko epaiak egiten pasatu dudalako izango da. Besteek nigatik zer pentsatuko duten izututa igaro dut nire bizitza erdia. Baliteke nik ere besteengan hori eragin izana, hau da, nire begirada epaile baten toga bezain beltza eta zurruna gertatzea. Auskalo. Min emango didaten aurreikuspen antzuek nigan utzitako zantzuek eraman naute ni ere ahozabal bat izatera. Elkarbizitza biziraupen zelai edo boxeoko laukoadro baten gisara irudikatu dut askotan. Eta hor bi aukera baino ez neuzkan. Jaso aurretik eman. Edo jasotzeko gai ez bazara, ez igo.
Gertaera bat edo pertsona bat deskribatzea zailagoa da iritzia ematea baino. Hori dela-eta nornahik bere iritzia ematen du. Eta iritzia den unetik ez da objektiboa. Norbere burua ezagutzea eta onartzea omen da zailena. Ziurrenik horregatik hitz egiten dugu besteei buruz. Autokritika egitea baino samurragoa da soka besteen lepora lotzea.
Jendaurrean lan egiteak geroz eta zalantza eta arantza eta balantza gehiago eragiten dizkit. Autoestimu eta gaitasun kontua soilik denik ez zait iruditzen, ordea. Nire baitako otso beltzaren uluaren oihartzun etengabea izan daiteke, edo nire barne narratiba grisa. Ados, baina zer diote kanpo-epaile mihise zuriek? Zuri buruz ari diren mihi xehe horiek? Norbere miseriak ezkutatzen ez ote gara ari besteenak agerian jarri nahian?
Zergatik iruditzen zaizkit batzuetan oholtzarako eskailerak eske-ilarak? Zergatik joango naiz irailean ikasleen aurrera irribarre eta arropa zabala jantzita? Telebistako platora sartzeak kritiken jaki bihurtzea esan nahi al du?
Jendaurrera irteten garenean, hots, ikusgai jartzen garen bakoitzean, prest egon behar omen dugu jendeak epaitu gaitzan. Bai eta ez. Ez baina bai. Besteak larrutzea erraza da; besteen larruan jartzea ez hainbeste. Ez gaitezen azalekoan soilik geratu. Sakoneran agertzen dira-eta azalak ezkutatzen dituenak.
Sinetsi nahi dut ekaitz guztiak ez datozela begien aurrekoa oztopatzera. Batzuk bidea garbitzera ere badatoz, ezta? Ikasbide bikainak dira haurrak hemen ere. Nahi duten edo ez duten nahi soilik adierazten dute. Apenas epaitzen duten. Eta nik ere, haurtzaroan eta gaztaroan jasotakoaren eta jazotakoaren desikasketa prozesu luze honetan, ikasi dut norbait kritikatu eta mina eragin diodan aldiro iltze bat sartu dudala bien arteko horman. Eta barkamena eskatu dudan aldiro iltze hori ateratzen saiatu arren, beti geratzen dela zulo bat. Arrasto bat. Zentzuzko zantzu bat. Iltze bakoitza zerbaiten hiltze bat bailitzan.
EGUZKI EPELEAN
Juizioa eta epaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu