Gure herrian bada plazatik garbi-garbi ikusten den etxe zuri bat. Muino baten gainean hortxe dago kieto. Plazaren jira eraikinez bete arren, berdin-berdin segitzen du agerian etxe zuriak eta San Joan bezperan su eder bat egiten dute bertan. Hortzak Maritxu Telletukorenak, opariak Olentzerorenak eta orraziak Laminenak diren artean, etxe hori sorginena izaten da gurean. Umetan, plazako sua piztean ingurura begiratzen genuen zeharka, eta zeinen amona falta, norenak zuen afaria, nor zegoen gaixo gure hipotesiak egiten genituen. Eta gero kanta hori: «San Joan, San Joan heldu da, sorgin begia galdu da, galdua bada galdu bedi, sekula agertu ez baledi!». San Juan egunean Santa Barbarako ermitan izaten da jaia, eta hango hariztian ibiltzen ginen, orbel eta ezkur artean sorginari galdutako begia nork topatuko.
Itxuraz gure antzik ez duten oraingo umeek ere etxe zuriari intrigaz begiratzen diote. Denbora aurrera ez, nahas-masean ibiltzen da, eta aditzak nola erabili halakoetan. Iñaki Muruari entzuna da behin segurar batek, elkarrizketa nolabait hasi nahi, eta San Joan egunez hala esan zuela: «Gaur Zan Joan». Eta kuadrillan zegoen Lazkao Txikik: «Bai, eta bihar joan zan!». Joan baino lehen ospatu, ahal dela.