Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Jo dezagun mahaia ukabilez!

2020ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Azaroaren 25ean, sare sozialak mukuru bete ziren Kate Milleten, Angela Davisen, Virginia Woolfen, Simone de Beauvoirren, Judith Butlerren esaldiekin, bai eta Frida Kahlorenekin ere. Nik neuk nire frutazainarena aukeratu nuen, Almudenarena, hauxe idatzi baitzuen Facebooken: «Gaur da tratu txarrak jaso dituzten emakumeen eguna. Hauxe baino ez dizuet esango: izan indartsu eta ez isildu. Eta mahaia ukabilez jo behar baldin bada, ba, jo». Halaxe da. Urteko 365 egunetan.

Hiru egun besterik ez da pasatu Genero Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunetik, baina ematen du agenda publikotik ezkutatu direla matxismoa eta haren ondorioak. Azaroaren 25ean, begizta morea jartzen dugu, jarrera hieratikoan egiten dugu biktimen aldeko isiltasun minutua, eta uste dugu konplitu dugula. Komunikabideok bete egiten gara feminizidioei eta indarkeria matxistaren beste formei buruzko zenbakiekin, eta aski. Ez ditut gaitzesten emakumeak oroitu eta haiei errespetua erakusteko ekitaldiok. Gaitzesten dut ez dela gobernuen lehentasuna, eta hedabideok ez dugula genero ikuspegia hartzen publikatzen dugun informazio guzti-guztian. Hala izatera, majo aldatuko litzateke kontua.

Hilketak dira indarkeria matxistaren formarik ankerrena, baina egiturazko desberdinkeriak, zeina ederki finkatua baitago emakumeak menderatuaren posizioan jartzen dituen dituen gizarte batean, hainbat aurpegi ditu. Batzuk aise ikusteko modukoak dira, baina beste batzuk ez horrenbeste, hala nola soldata arrakala, zoru itsaskorra, diru saririk gabeko zaintza lanak... Eta horretan zeresan galanta dute botere publikoek, aldatzeko interesik ez izan arren.

Badakizue Xuntaren 2021eko aurrekontuetan, biko gobernuaren 2009ko azken aurrekontuen aldean, diruaren erdia dagoela bideratuta berdintasunerako? Feixoo ez da lotsagorritzen. Nahiago du orain ere gorrotoz jokatu galizierak ikasgeletan duen presentziaren kontra eginez eta osasun legea erreformatzea proposatuz; lege bat, hain zuzen, ez duena inongo neurririk biltzen COVID-19a gelditzeko borrokan, eta zigorretan jartzen duena arreta osoa. Ez dago besterik: mahaia ukabilez jotzen segitu beharko!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.