Jira

Zutik

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2011ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Eseri zara sukaldean, begiratu duzu leihotik, eta hor dago zerua urdin, hor dago Izarraitz zutik, beti bezala. Etxe aurreko parkean haurrak dabiltza jolasean, ostirala da, jendea ikusi duzu pasieran, lanetik irtenda erosketak egiten, nor bere zereginetan, beti bezala. Baina badakizu, eta halaxe esan diozu amari, ezer ez dela izango orain artean bezalakoa. Ikaragarria da, ama, esan diozu, begiratzen duzu leihotik eta besteak bezalakoxe egun bat ematen du, hor dago zerua urdin, hor dago Izarraitz zutik, beti bezala, baina ez da besteak bezalakoxe egun bat, beste zerbait hasten da gaur, orain arte ezagutu dugunaren diferentea.

Eta hala ere, gero eta garbiago duzu, ezer ez da bukatzen. Eta iragan ekintzen batuketa da gaurko eguna, oroitu ere egiten ez dituzun erabaki guztien oihartzuna. Horregatik aitatzen du mundu guztiak memoria. Hari eskatzen diogu ez bakarrik iragana berritzea une oro, ez bakarrik egin genuena ahanzturaren atzaparretatik gordetzea, baizik eta egin genuenaren arrazoiak argitzea, zergatik, zergatik, zergatik?

Baina memoriak ezin dizu arrazoirik eskaini, ezin dizu iraganaren printza zehaztugabea besterik ekarri. Begiratu duzu leihotik, eta hor dago Izarraitz zutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.