Joan den asteburuan Olatz Salvadorren kontzertuan egon nintzen Oreretan. Halako kontzertu bat izan zen: ez birako lehena, baina bai birako lehena etxean. Ospakizun-giroa, bero. Ebento bat inguru sozial batzuetan. Amaieran dantzan lehertu. Musikariaren kuadrillakoak gu baino pixka bat aurrerago zeuden, eskuinalderantz; taldean sartu berri den Esti Berazaren lagunak, berriz, gure atzean, eta Zainak eman diskorako letrak idatzi dituzten bi piztia eder (O. Arana eta I. Bilbao), lehena nire ondoan —maiz elkarren besarkadan—, eta bigarrena lehenaren aurrean. Esan nahi dudana da halako egokiera bat zela: jendaurrean dagoena ez ezik, hari eusten dion sare osoa geratzen da agerian. Zirrara berezia sortzen du barruan zaudenean.
Zirrara horixe sentitu nuen popperrarena eman genuenean Bollotopaketetan, edo hamar urtez bizi izan naizen hirian, begira geneuzkan aurpegi guztiak ezagutzen nituela. Zentzua ematen dio, edo zirkulua osatzen du: bete egiten zaitu, ase. Beti ari gara norbaitentzat. Eta zutabeekin, antzera: dozena bat jira egin dudan honetan, zuekin konektatzea pasada bat izan da.