maialen akizu 34 172x172

Zozketa

2024ko ekainaren 15a
05:00
Entzun

Dona-dona, katona. Gutxienez, sorionekuren garaikoa behar du hasiera honek. Katona ikasturtean ibili beharreko liburu bakarra zela irakurri duzu, baina ulertu gabe jarraitzen duzu zergatik, nola, noiz iritsi den zotz egiteko kantura, konprenitzen ez duzun bezala nola daramazun ordubete zain, geldi, are urduritxo, loreen azokan eman berri dizuten papereko zenbakia aterako dela konbentzituta. Sutondoan aitona. Eta zu sofan, telebistari begira, lur eta zeru, gorputz eta arima, errezo eta erritu, babes ofizialeko etxe horietako bat toka dakizun. Kiroldegiko frontoian egiten ari dira zozketa eta tokiko telebista emititzen ari da. Ofiziala, bere zigilu, araudi eta kontu korronte, babesa bainoago emaitza bat da. Lepotik behera kutuna. «Lepotik gora kutuna» kantatu bagenu gure buruaren aldeko egungo lelo horietako bat litzatekeen, baina umetatik joaten gara ikasten, zorteak, gehienoi, lepotik behera egiten digula tira. Atera neska/mutil, tuntuna, eta halaxe tokatu zaizu bizilagunen komunitateko presidente izatea, besteak ezkutatu bitartean begiak itxi eta berrogeira arte kontatzea, edo lagunen botea eramatea. Gure korroan jarraitu egiten zuen abestiak —txapelduna, azeituna, babarruna...— tokatu behar zitzaionari tokatu arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.