Sekula ez nuen neure burua zezen baten aurrean irudikatzen Adrienne Richek galdetu arte. Emakumeagandik jaioak liburuan abortuaz gogoetatzen da. Sorano Efesokoa ginekologo greziarrak hiru kasutan onartzen omen zuen: «edertasun femeninoari eusteko» bazen, amak utero txikiegia bazuen, edo populazioa kontrolatzeko bazen. Richek abortuaren aldarria egiten du eta hala galdetu: haurdun dagoen emakume bati zezen batek erasotzen badio, zilegi al du korrika alde egitea, nahiz eta korrika eginez gero agian umea galduko duen? Haurdunaldian egon daitezkeen buruhauste eta eszena posible guztiekin zezenaren korrikaldia gehitzeak harritu egin ninduen, eta buruan izan nuen galdera, Richek irudikatu nuenaz haragoko zerbait esan nahi zuela konbentzituta. Oraindik ez dut argi-argi.
Harkaitz Canok honela deskribatzen du Fakirraren ahotsa nobelan besarkada maskulino bat: «Ez aurrez aurre, baizik eta diagonal zeiharrean, bataren aldaka bestearen izterrari emanda, ezkerreko hanka eta hankartea pauso bat atzerago, babestean eta salbu. Gizonak dira, finean: besarkada maskulino orok du bere baitan zezen oldartzearen kondar adarkoi bat, espezieko arrak talentu gehiago edo gutxiagorekin disimulatzen saiatzen direna». Zezenek besarkadak ere ematen dituzte.