Dantzatu ezin banaiz, hau ez da nire iraultza. Emma Goldmanen aipuaren aldaerak egin izan dira. Irri egin ezin badut, feminista ez bada, ez da nire iraultza. Asko ohartu direnez, ostiraletik hona Turkiatik hedatu diren irudietan ez da emakumerik ikusten estatu kolpea geldiaraztera deitutakoen artean. Ikusi dudan lehen emakume taldea hileta batean izan da, gizonengandik aparte.
Erdogan presidenteak sare sozialak erabili ditu jendea kalera atera zedin (orain arteko bere ohituren guztiz aurka, sare sozialak eta kale mobilizazioak hastio izaten baititu). Egun batetik bestera, ordu gutxiren buruan, zerrendak lehenagotik eginak baleude eta zertan disimulatu ez balu bezala, hiru milatik gertu epaile kargugabetu zituen Erdoganek. Egunetik egunera horrelako neurri gehiagoren berri badugu. Europar Batasuna saiatzen da demokrazia delakoa aldarrikatzen, baina flakoki, hurbiltzen da, baina ez aski. Turkia garai batean Balkanak bezalako tapoi edo bidegurutze arriskutsua dela ohartu gara denok. Irudipena dut Turkiako erregimenak diktadurarako bidea hartzea gaitz eramangarri moduan ikusten dutela batzuek. Erdoganek egindako garbiketen zerrendetan, epaile, militar, irakasle eta abarren alboan, emakumeak zenbatu beharko lirateke.
JIRA
Zerrendak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu