Zerbitzariaren begiek ilun dagite, telebistarekin entretenitzen da bezeria, egunkaria libre egon ohi da; zergatik, zergatik, zergatik galdetzen dute kazetariek elkarrizketetan, Baumani, Todorovi, denei: zergatik ez da altxatzen jendea, zergatik ez da aurka ateratzen hautesleria, zergatik ez dago erantzun sozialik, zergatik ez dugu erreakzionatzen? Eta erantzunetan ez da ikusten norabide bat erakutsi nahiaren borondatea besterik, etsipenaren itzala, eta berriz ere galdera kazetariak: zer egin orduan?
Zerbitzariaren begiek ilun dagite, heriotza zigorraren alde hasi da gizon bat oihuka, sututa, denak kartzelara, ez dute besterik merezi, lapurrak halakoak! Emakumea isilik dago, basoak garbitzen ditu, kafetera gainean utzi du trapua xukatzen, kanpora egin du zigarreta pipatzen. Han, munduak bere martxa darama, eta ekonomia kapitalista naturaldu baten legeei jarraitzen die, ahula azpira, gora boterea, futbol talde irabazleen pijamak saltzen dituzte haurrentzako arropa dendan.
Emakumearen begiek ilun dagite, zerbitzariarenak berberak dira, bai tabernan, bai etxean, bai kalean, baita itxita ere. Bizi gaituen eredu ekonomiko, politiko eta soziala ez da egunean zortzi ordura mugatzen.
Jira
Zergatik ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu