Berrogeita zortzi orduren buruan probatu ditut panazko prakak, beherapenetan erositako alkandora loreduna, galtza-motz bakeroak, galtza bakeroak, gona luzea, gona motza; botak, zapatilak, sandaliak; euritarako txamarra, berokia, tirantedun kamiseta. Sasoi honetan zer jantzi asmatzea ez zait erraza egiten. Batekin gehiegi eta traba, bestearekin justutxo eta hozteko beldurra; honekin neguko eta hasi nahi ez oraindik neguari hoska; horrekin udatiar eta gura ez pasatakoa ekartzen saiatu. Eta, hala ere, gustatzen zait gustatu aurtengo udazken hasiera honetako giroa, hegoiaren astindua, zeruaren argia, eguzkiaren gozoa. Begiak itxi eta eguzkitan egoteko astia hartu dut. Azala erre arte egon nahi dut halaxe. Kontatzen da bazela uda lan eta lan pasa zuen inurri bat, jatekoa bildu eta bildu. Aldiz, dantzan eta kantuan pasa zuela uda txirritak, eta udazkena heltzean, komeriak. Nik inurriarena egin nahi dut txirrita bezala: egonean egon eta eguzkia bildu eta bildu, hezurren barruan, ileen azpitan, haragiaren tolesetan bildu eta bildu, badakidalako, langileari edo alferrari, laster faltako zaiola.
Zer jantzi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu