Zeharka

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2010eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Zeharka iristen zait mundua. Besteren bitartez jasotzen dut urruneko berri, belarriak berotzen dizkidate, begiak kiskali, Haitin kolera, tren atomikoa Alemanian, Saharan triskantza, Felipe Gonzalezi elkarrizketa Espainian, ez dakit ondo egin nuen, Bushen memoriak, gezurra gezurraren gainean, Egiguren telebistan ahobero, itsasoa harro, lehen elurtea Euskal Herrian, eta beste mila kontu bi egunen buruan, infoxikazioa. Beharrik, tartean albiste pozgarriren bat edo beste ere bai, Virginie Despentesi Renaudot saria (zorionak; EIZIE, Literatura Unibertsala edo Klasikoak bildumako komite politikoa: itzuli eta argitara ezazue euskaraz King Kong Teoria, XIX. mende osoak adina balio digu).

Zeharka iristen zait mundua, eta ezin diot zeharka baino heldu. Eta gero eta garbiago ikusten dut, hainbeste albiste, hainbeste azken orduko berri garrantzitsu, hainbeste zarata, inoiz erakusten ez dena ezkutatzeko besterik ez dela, inoiz kontatzen ez diren kontu txiki eta ezdeus horiek isiltasunean ustel daitezen. Ahalko banu, asmatuko banu ikusten dudana zuzen eta zorrotz kontatzen, entzuten dudana hitzez hitz gorde eta hemen idazten, atxiki ahalko banu egiaren printza ñimiño eta minbera bat, sikiera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.