Jira
Zarena
Barregarriak gara. Eta horrexek salbatzen gaitu. Geure juzku, geure larderia, geure harrokeria guztiak urtu egiten dira argazki kamera batek arima ostu nahi digunean. Kamera ikusi orduko alderdirik onena eman nahi izaten diogu denbora gelditzeko makinari, kokotsa jasota papoa disimulatu eta buru soiltzen hasia ezkutatzen saiatzen gara, harro begiratzen diogu munduari, ez nauzu menperatu oraindik, edo irri egiten diogu, adeitasunez, esker onez kasik, edo serio azaltzen gara, tramite zikin bat da hau, buka dezagun lehenbailehen, badaukat zeregin hoberik, zain gaude, eternoa da unea, onena eman behar duzu, betirako geratuko zara. Argazkilariak lagundu egin nahi izaten du batzuetan, begiratu hona, jaso burua, egin irri, eta izan nahiko zenukeena antzezten saiatzen zara zu, baina beste batzuetan ezer esan gabe lapurtzen dizute arima, abisatu gabe egiten du argiak zapart, eta zarena antzezten harrapatzen zaitu denbora gelditzeko makinak. Eta zarena ez zaizu gustatzen argazkian ikusita, hori ez zara zu, zu ederragoa zara, argalagoa, bereziagoa, ez hain erdipurdiko, ez hain besteak bezalako. Baina bai. Mundura moldatzea lortu ez duen haurra azaltzen da harrapatzen dizkiguten argazkietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu