Jantzi apaingarri dagoeneko boladatik kanpokoa bihurtu aurretik (baina ez lehenago modaren fase guztietatik pasatu gabe: erabilera aldarrikatzailea, apropiazionismo neutralizatzailea, erabilera ironikoa-edo, luxuzko artikulua izatera ere iristea; 2007/2008ko udazken-neguko denboraldian Balenciagak Parisko pasareletara eraman zuen kufija edo zapi palestinarra), denok erabili izan dugu bat. Barkatu orokortzea. Nitaz eta nire inguruneaz ari naiz. Laurogeita hamarreko hamarraldian izanen zen. Lehen intifadaren hondarrak. Eta seguruenik denon artean lagundu genuen zapi palestinarra esanahiaz husten.
Susmatzekoa da oraingo gertaerek modan jarriko dutela atzera. Agian ez nuen moda esan behar. Esan dezadan balio aldarrikatzailea, elkartasunezkoa berreskuratuko duela. Bilatu beharko dugu kutxa zaharretan. Nik behintzat bai. Debekatzen ez badute; edo are debekatzen badute ere, arrazoi gehiagoz. Palestinako bandera dagoeneko debekatzeko bidean da, eta astintzen dutenak salatzen dituzte, ez baitakit zergatik. Ez da harrigarria? Ez dute esaten debekatzen dutenetako askok bertako gatazkarako irtenbidea bi estaturen aitortza dela?
Ai, banderak. Ezertarako balio ez dutela uste dugunoi arrazoia kenduko digute.