Maialen Akizu.

Zahar hiltzea

2024ko ekainaren 14a
05:00
Entzun

Aitortzen dut ez nuela Françoise Hardy ezagutzen, ez nekien bere ibilbide luzeko kantarik, Tous les garçons et les filles abesti eta abarrik. Astelehenean zendu zen 80 urterekin. 80 urterekin edo. Prentsako titularren azpian agertzen den emakumeak ez ditu 80 urte. Zuri-beltzean ageri da 1969ko erretratu batean; larruzko gabardina darama Hardyk eta axolagabetasun dotore batez uko egiten dio kamerari. Kopetako ileak alde batera ditu 1964ko beste batean: gora begiratzen du, ezpain amultsuak irribarre bihurtzeko tarte horretan dituela. Abeslaria zen Hardy, baina gitarrarekin 1967ko argazki batean soilik topatu dut; lurrean eserita, hankak erdi zabalik ditu, eta kantuan ari da, aurpegiko tolesik atera gabe.

Erretratuei erreparatuta pentsatu nuen azken berrogei urteetan mundutik aparte ibiliko zela agian: 18 urterekin lortu zuen Hardyk arrakasta deitzen zaion hori, kamera eta babosoak gainean, agenda gainezka, azkenerako nazkatu, eta paradisuko irla horietako batera egingo zuela alde. Normala. Baina ez: 2018an kaleratu zuen azken lana, memoria liburu bat ere idatzi zuen 2009an, eta ile labur-urdindu eta gorputz ihar batekin pasa ditu azken urteak Parisen. Gogora etorri zaizkit Raffaella Carra, Jane Birkin edo Tina Turner. Utzi izarrei zahar hiltzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.