Edukiontzi horira bota behar da plastikoa, eta plastikoa da esne tetrabrika, komuneko eskuila, lorazepamen ontzia, espraia, aluminiozko papera. Edukiontzi urdinera bota behar da papera, eta papera da faktura, poltsikoan azaldu den telefono zenbakia, ostiraleko pizzen kaxa. Edukiontzi berdera bota behar da beira, eta beira da beira. Edukiontzi marroira bota behar da organikoa, eta organikoa da kafe kondarrak, zimelduko tulipak, ganba buruak, aspiragailuak zurrupatutako ileak, behatzeko azkazalak, arrautza oskolak, ostiraleko pizza puskak. Edukiontzi grisera bota behar da errefusa, eta errefusa da fardela, txupetea, biberoia, xerrak biltzeko erabilitako paper odoldua, odoldutako konpresak, boligrafoa, txorroskiloa, metxeroa, hautsitako platera.
Tarteka, zabor poltsa eskuan dudanetan pentsatzen dut nora doan kaka hau dena, nola sortzen dugun hainbeste, posible ote den birziklatzearen kontu hori. Garbitzaileen greba amaigabe bat irudikatzen dut halakoetan, eta euren eskaera posible oro gutxiegi iruditzen zait.