Iruñeko Kondestablearen jauregian izan nintzen, Mari Luz Esteban eta Metrokoadroka kolektiboak emandako Andrezaharraren Manifestua irakurraldi-performancean. Bigarren hitzak normalean izutzen banau ere (oro har, kamera geldoan jokatzean datza, ekintza xelebre edo egunerokoak egiten, berdin du, baina geldo-geldoan eta nork bere burua zikinduta, noski), Estebanen olerki ederrek erakarrita azaldu naiz. Ez zait damutu, aitortu behar badut ere kontzentratzea kostatu zaidala, baina oraingoan errua nirea izan da, goizean izandako topadizo bat burura zetorkidalako behin eta berriz.
Amonarena izandako etxetik erdigunera nindoala, ezkaratz baten ondoan oso emakume nagusi batek galdera egin dit auzoko anbulatorioaren telefono zenbakia ba ote nekien. Bat errezitatu dit, prefijorik gabe. Bilatu dut sakelakoan. Beste bat zen. Zorabiatuta zegoen eta mediku bat etxera joatea nahi zuen. Deitu dut eta inork hartu ez. Larrialdietara deitu dut gero. Hariaz beste aldekoari egoera azaldu diot, helbidea eman, andrearen izena ere bai. Hasperen bat-edo entzun dut bestaldean. Ezagutzen dute. Maiz deitzen (edo deiarazten) omen du. «Ez du deus izaten, soilik zaharra da eta bakardadeak jota dago. Bilobari deituko diogu hurbil dadin».
JIRA
Za-ha-rra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu