Gaur gure amonaren urtebetetzeko eguna litzateke. Gaur gure amonaren urtebetetze eguna da. Hildakoak oroitzeko beti iruditu zait justuagoa jaioteguna ospatzea hileguna baino: jaiotegunean zorionak jaso ditugu bizi artean, hildako eguna zoriari emana da. Eta halere hildakoek zahartzen jarraitzen dute, eta halere bizidunok harrapatu egiten ditugu. Lizar Begoñak atzoko artikuluan idatzi zuen heriotza egun arrunt bateko angelu guztietan dagoela, heriotza hozkailuan dugula: azenario azal-zimurra, tuberkuludun patata, gazta usaina darion esne brika. Gure amonaren bueltan-bueltan ere bazen heriotza, baina hozkailuan nekez sartuko zitzaion: azenario azal-zimurrari botako zion tuberkuludun patata, gazta usaina zerion esne brika, eta voila! Parera azaldu zait Uxue Alberdiren Hetero-ko azpimarra hau: «Hildako bat maitatzea norbere burua maitatzeko ingurubide bat da». Eta urtebetetzeko egunak niretzat badira maitatzeko ingurubide bat. Gaur gure amonaren urtebetetze eguna litzateke. Gaur gure amonaren urtebetetze eguna da.

Urtebetetzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu