Gaur da suizidioaren prebentziorako mundu eguna. Suizidioa esaten latzagoa egiten zait bere buruaz beste baino. Urtero 800.000 lagun inguru suizidatzen dira. Asko, izugarri eta, mesedez, ez kalkulatu zenbat futbol-zelai diren horiek. Suizidioa ez da beti osasun mentaleko arazo bat, baina, argi eta garbi, osasun publikoko arazo bat da. Gaur Jeffrey Eugenidesen The virgin suicides liburuarekin gogoratu naiz. Liburua pantailara eraman zuen Sofia Coppolak, bere lehen film luzean. Gustatzen zait bi bien ahots narratiboa, Lisbon familiako bost ahizpa protagonisten auzokide mutikoena. Ahizpak inguruko mutilen desio objektu dira, zelatatuak, sinplifikatuak, sexualizatuak, baina ezin dituzte ulertu, are, ahizpetan gazteenaren suizidio saiakera. Bestea ulertzeko ezintasuna dago istorioaren erdigunean. Horren adibide 13 urteko Ceciliak, ahizpa gazteenak, eskumuturreko zainak moztu ondoren medikuarekin duen elkarrizketa. Medikuak neskatilari, aurpegia laztanduz, hala galdetzen dio: «Zer egiten duzu hemen, polita? Oraindik ez duzu adinik bizitza zeinen txarra den jakiteko». Cecilia Lisbonek: «Argi dago, doktore, zu ez zarela sekula 13 urteko neskatila bat izan».
Ulertu ezina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu